ETXERAT. Gurekin dira hemen, Leonen, 370 kilometrotara kartzelatua den Olga Comes euskal preso politikoaren senide eta lagunak.
Prentsa ohar batean jakitera eman genuen bezala, igande goizaldean Olga Comes presoaren hurbileko batek istripua izan zuen bera bisitatzera zihoala. Lainoa zela-eta, abiadura handian zihoan beste kotxe batek atzetik kolpatu zuen Olgaren laguna. Ondorioz, sortutako zauri eta kontusioengatik artatua izateko, anbulantzian ospitalera eraman behar izan zuten. Ezin izan zuen ez bidaiarekin jarraitu, ezta bisita gauzatu ere.
Gertaera honen larritasuna aditzera eman nahi dugu: zauritua izan den pertsona hau ez zen atsegin zuelako bidaiatzen ari, ez lan kontuengatik, ezta bere esku zegoen zergati batengatik. Goizaldean ari zen bidaiatzen, ikuspen eskasarekin eta horrek dakarren arriskuarekin, goizeko 08:30etan Leongo kartzelan egon behar zuelako bisita galdu nahi ez bazuen. Euskal preso politikoen senide eta lagunon kasuan, gure familia bizitza eskubidea laburtzen den 40 minutuko tarte horrek prezio oso altua duelako bidaiatzen zuen: inposatutako desplazamenduak, inposatutako distantziak, inposatutako ordutegiak eta noski, horrek guztiak inposatutako arriskua.
Euskal gizarteak oso ondo ezagutzen du errealitate hau eta dispertsioak eragiten dien milaka herritarrei sorrarazten dizkien ondorio larriak. Badaki ere, kaltea sortzea, dispertsio politikaren helburu dela, eta era berean, konponbide eta bakearen bidean eragozpen handiena dela. Euskal gizartearen gehiengoak behin eta berriro azaldu du salbuespeneko kartzela politikekin amaitzeko bere borondatea. Baina lehenbiziko aldiz, borondate hau nafar erakundeetan islatu ahal izan da: Nafar Parlamentuko akordioak azaldutako denon eskubideen errespetu eta dispertsioaren amaierarekiko konpromisoarekin, zein Nafar Gobernuko bake, bizikidetza eta Giza Eskubideen Idazkaritzatik , zauritutako pertsonari zein Olga Comesen sendiari helarazitako elkartasunarengatik. Aurrenekoz, pertsona guztien eskubideak interes politikoen gainetik kokatzen dira. Hau da euskal presoen senide eta lagun guztiei transmititu nahi diegun konfiantza, gizarteari ere itzuli nahi dioguna. Helburu politikoekin soilik, oinazea bilatzen duen kartzela politika baten amaiera hurbilago dago. Eskubideak urratzen dituen salbuespeneko politikarekin amaitzeko konpromisoa berritu eta berrindartzeko, denok aktibatzea ezinbestekoa da.