-Apirilaren 26an, igandean, gertatu ziren bi istripuak.

- Lehena, Oier Lorente presoaren lagun batek izan zuen hau bisitatzetik zetorrela. Bigarrena, bisita eta gero ere jazo zen, Xabier Arinak Maria Lizarraga presondegian ikusi eta gero.

-Azken bi hauekin lau dira dagoeneko 2015 honetan dispertsio politikak eragindako istripuak. Estatistikoki lau hilabeteko.

 

Lehen istripua Dueñas-Palentziako kartzelan (300 km) dagoen Oier Lorente euskal preso politikoa bisitatzera joan zen lagun batek izan zuen. Bisita egin ondoren, bueltan, Tolosara iristear zela, ur putzu bat zapaldu eta kotxearen kontrola galdu zuen. Erdiko hesia jo ondoren beste aldeko hesia jo eta bide erdian geratu zen. Oier Lorenteren lagunak kolpe arinak izan ditu, ezer larririk ez. Kotxea berriz oso kaltetua atera da.

Bigarren istripua Maria Lizarraga euskal presoari bisita egin berri zion Xabier Arina preso ohiari gertatu zaio. Azpimarratu behar dira Villenako kartzelak (720 km) bisiten inguruan inposatzen dituen baldintzek senideen egoera are gehiago zailtzen dutela. Izan ere, ostiraletan goizeko 10.15etan ala igandetan 18.30tan baino ezin dituzte egin, oso urrun den kartzela batera joateko gainera, suposatzen duen neke, tentsio, lan arazo guztiekin…

Kasu horretan, Arina gasolindegi batetik ateratzen zen errepidearen erdian zeuden hormigoizko bloke batzuen kontra egin zuenean. Zorionez,  Arina ez da zauritua izan, baina furgoneta garabiak eraman izan behar zuen. Taxi bidez heldu zen etxera. Hori guztia aski ez balitz bezala, istripuaren berri parte emateko Guardia Zibilari deitu eta hauek bertaratzerakoan,  oso jarrera erasokorra erakusteaz gain 80 euroko isuna jarri zioten, arretarekin ez gidatzeagatik.