-Apirilaren 26an, igandean, gertatu ziren aurtengo 3. eta 4. istripuak.
- Lehena, Oier Lorente presoaren lagun batek izan zuen hau bisitatzetik zetorrela. Bigarrena, bisita eta gero ere jazo zen, Xabier Arinak Maria Lizarraga presondegian ikusi eta gero.
-Azken bi hauekin lau dira dagoeneko 2015 honetan dispertsio politikak eragindako istripuak. Estatistikoki bat hilabetero.
Azken istripua Maria Lizarraga euskal presoari bisita egin berri zion Xabier Arina preso ohiari gertatu zaio. Azpimarratu behar dira Villenako kartzelak (720 km) bisiten inguruan inposatzen dituen baldintzek senideen egoera are gehiago zailtzen dutela. Izan ere, ostiraletan goizeko 10.15etan ala igandetan 18.30tan baino ezin dituzte egin, oso urrun den kartzela batera joateko gainera, suposatzen duen neke, tentsio, lan arazo guztiekin ...
Kasu honetan, Arina gasolindegi batetik ateratzen zen errepidearen erdian zeuden hormigoizko bloke batzuen kontra egin zuenean. Zorionez, Arina ez da zauritua izan, baina furgoneta garabiak eraman izan behar zuen. Taxi bidez heldu zen etxera. Hori guztia aski ez balitz bezala, istripuaren berri parte emateko Guardia Zibilari deitu eta hauek bertaratzerakoan, oso jarrera erasokorra erakusteaz gain 80 euroko isuna jarri zioten, arretarekin ez gidatzeagatik.
Lehen istripua, bestalde, Dueñas-Palentziako kartzelan (300 km) dagoen Oier Lorente euskal preso politikoa bisitatzera joan zen lagun batek izan zuen. Bisita egin ondoren, bueltan, Tolosara iristear zela, ur putzu bat zapaldu eta kotxearen kontrola galdu zuen. Erdiko hesia jo ondoren beste aldeko hesia jo eta bide erdian geratu zen. Oier Lorenteren lagunak kolpe arinak izan ditu, ezer larririk ez. Kotxea berriz oso kaltetua atera da.
Hauekin batera, 4 istripu salatu ditugu oso denbora gutxitan. 10 izan ziren iaz. Bestalde, aipamen berezia egin nahi diogu atzo 26 urteren ostean aske geratutako Juankar Balerdiri, zeinak dispertsioak eragindako auto istripuan galdu zituen ama eta anaia, eta haren aita oso larriki zauritua suertatu zen Almeriara bere bisitan joaterakoan 2003ko neguan.Hari eta bere senideei besarkadarik beroena bidaltzeaz gain, Etxeratetik, behin ere, alarma gorria piztu nahi dugu, beste istripu larriago bat gertatu baino lehen. Gure bizitzak jokoan ezartzen dituen eta eskubideen urraketen zerrenda etengabe handitzen duen dispertsio politika horrekin amaitu behar da !