ETXERAT (2019-I-28). Joan den ostiralean, hilak 25, Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxea preso politiko oreretarraren anaia eta lagun batek ezbeharra sufritu zuten Euskal Herritik 1.050 kilometrotara dagoen Puerto III espetxera bidean, Sevilla inguruan.

Sevillara iristeko 50 kilometro falta zitzaizkiela, A66 autobidean, arratsaldeko zortziak aldera, aurretik istripu baten eraginez errepidean geldirik ziren bi kotxe topatu zituzten aurrez-aurre presoaren anaia eta lagunak, bihurgune bat igaro ondoren. Errepidearen erdian zegoen kotxea sahiestea lortu zuten, baina eskubian geldirik zegoen bigarren autoa kolpatu zuten. Zorionez ongi atera ziren biak, baina une arriskutsua bizi zuten ondorengo minutuetan; kotxea bultzaka errepide erditik atera behar izan zuten autobidean zegoen trafiko handiari aurre eginez.

Jesus Mari Etxeberriaren anaia eta lagunak bidaiarekin jarraitzeko aukera izan zuten eta, hurrengo egunean, bisita egitea lortu zuten.
 
Beste behin ere, Etxeratek egungo espetxe politikaren iraunkortasuna salatu nahi du, euskal preso politikoen senide eta lagunak euren biziak arriskuan jartzera behartzen baititu haien senide eta lagun presoa ikusi ahal izateko. 2019a hasi berri eta dagoeneko bigarren kotxe istripua izan da honako hau. 
 
Urruntze honen ondorioak dira gaur salatzen ditugunask, baina badakigu okerragoak izan daitezkeela eta, beste behin ere, Etxeratek galdegiten du nori egiten dion mesede dispertsioak eragiten duen oinazeak. 
 
Ezbeharra salatzeko elkarretaratzeak deitu ditugu Hego Euskal Herriko 4 hiriburuetan:
 
- IRUÑEA, hilak 28, astelehena 20:00etan Gobernu Zibilaren aurrean.
- BILBO, hilak 29, asteartea 19:30etan Arriaga Plazan.
- GASTEIZ, hilak 30, asteazkena 19:00etan Ama Zuria Enparantzan.
- DONOSTIA, hilak 30, asteazkena 19:00tan Bulebarrean, Udaletxe ondoan
 azken istripua.jpg