ETXERAT (2020-IV-24) Konfinamendu egunak aurrera doaz eta euskal gizartearengan pandemiak eragindako ondorio mingarriak areagotzen ari dira. Denei gertatzen zaien bezala, gure familia da gure kezkarik nagusiena eta gehienbat egoera honen aurrean arrisku taldean dauden pertsonak, zaurgarriagoak direlako. Horregatik ezinegona sortzen digu espainiar eta frantziar Estatuetako espetxeetan dauden gure senide presoen egoerak, eta orokorrean, gatibu dauden pertsona guztiek behar dute gure arreta.
Ziur dakigu pertsona izatearen gainetik preso izaera nagusitu dutela. Eta horrekin ez gara askatasunik ez duten pertsonei buruz ari, baizik eta pertsona horien eskubideak, besteak beste, osasunerako eskubidea eta bizitzarako eskubidea, ez dutela garrantzirik gabetzeetan eta murrizketetan oinarritutako espetxe-erregimenaren aurrean.
Espainian alerta-egoera deklaratu zenetik 40 egun baino gehiago igaro direnean, nazioarteko erakundeek gomendatutako neurri espezifiko bat bera ere ez da abian jarri, besteak beste, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), Nazio Batuen Erakundeak (NBE), Europako Kontseiluak eta Torturari Aurrea Hartzeko Batzordeak gomendatutakoak. 50 erakunde eta gizarte-eragile baino gehiagok egindako proposamenak ez dira aintzat hartu.Ez da espetxeetako superpopulazioa murriztu nahi izan, baldintzapeko askatasun-egoeran dauden presoak kartzelatik ateraz eta askatasunik gabeko zigorren ordezko neurriak bilatuz. Ez dira aske utzi arrisku handieneko bi taldeetako presoak, hau da, gaixotasun larriak dituztenak eta 65 urtetik gorakoak. Zerbitzu medikoak ez dira indartu, berez eskasak baitira. Presoei ez zaie prebentzio, babes eta desinfekzio elementurik eman. Espetxeetako agintariek hartutako neurri bakarrak kartzela zigorrak areagotu eta familia-loturak murrizten dituztenak izan dira, baina ezta bat ere ez da izan espetxean dauden pertsonak kutsatzeko arriskua murrizteko helburuarekin.
Egoera honetan; urruntzeak, euskal presoen senide izateagatik ezarri diguten zigor gehigarriak, egonezina, beldurra eta larritasuna areagotzen ditu. Eta, era berean, ziurgabetasuna dago iragarritako deseskaladan oraindik ere izan daitezkeen murrizketen aurrean; izan ere, bidaia luzeak murriztuak izango dira espetxeetan bisitak berrezartzen direnean. Horregatik uste dugu, ahal bezain laster, presoak hurbildu behar direla. Ahal bezain laster, gehiago luzatu gabe. Izan ere, ziklo hau igaro ondoren, hain gogorra eta zaila denontzat, euskal gizartea normalizaziorantz doanean, behingoz egin beharra dago, lastrerik gabe eta sufrimendurik gehitu gabe.
Hemen bideoari lotura: