ETXERAT. Nazio Batuek DDR (Desarmea-Desmobilizazioa-Gizarteratzea) erabiltzen dituzten estandarretatik abiatuta, Foro Sozialak antolatutako jardunaldiaren baitan egunotan nazioarte mailako bake prozesuetan adituak Euskal Herrira etorri direlarik, Filipinetako, Kongo Errepublikako, Kolonbiako eta Ipar Irlandako bake prozesuetan adituekin bildu da gaur Donostian Etxerat Elkartea. Etxerat Elkarteko ordezkariek euskal presoen senide eta gertukoek pairatzen duten egoera azaldu die gonbidatuei.
Modu baikorrean baloratzen dugu bilera bera, bereziki DDR sigletan sakontzeko helburuarekin, mundu mailan bake prozesuetan eskarmentua duten adituen harrera izan dugulako, batez ere Euskal Herriko kasuan hausnarketa eta aurrera begira pausoak emateko guztiz baliogarria izango delakoan.
Gurekin gaur izan dira, Aaro Suonio, Ipar Irlandako Armagabetze Batzordeko presidentea izandakoa eta gatazken kudeaketan aditua; Omar Cortes, Kolonbiako Armada Nazionaleko ontzi-kapitain erretiratua eta Kolonbiako bake prozesuan partaidea; Jesus Florez, herri indigenen eskubideen aldeko ekintzailea eta Pazifiko Eskualdeko Koordinazio Batzordeko kidea; Justine Masika, Kongo Errepublikako ekintzailea; Kristian Herbolzheimer, Conciliation Resources izeneko GKE-ko Bakerako Transizioak programaren zuzendaria eta Filipinetako bake prozesuaren aholkularia Mindanaon; eta Veronique Dudouet, Berghof fundazioko programaren zuzendaria.
Delegazio hau, gaur arratsaldez Foro Sozialak antolatutako ‘Hitzorduak’ zikloaren saio berrian izango da. Ekitaldia, 16:30etan Donostiako EHUko campusean gauzatuko da, Carlos Santamaria Zentroan, «DDR euskal kasuan aplikatua: bideragarritasuna eta aukera» lemapean.
Izenburu horren bidez, gure artean dagoen eztabaida baten isla izateaz gain, saioaren helburua argi geratzen da. Jardunaldiaren aurkezpenean Foro Sozialak esan zuenez, “ETAren desmobilizazioaren fase erabakitzailean sartu gara eta horren ondorioz, preso eta erbestean dauden erakunde honen militanteen gizarteratzearen gaiari heldu beharko diote batzuek eta besteek”.