ETXERAT (2020-VIII-12). Euskal preso politikoen senideek beraien kezka adierazi dute Etxerat elkarteari COVID-19aren berragerpenaren aurrean espetxetan bizitzen ari diren egoerak eta, arazo honen aurrean, hartzen ari diren neurriengan.
Itxialdi orokorrean gisa, espainiar estatuko espetxetan hartutako neurriak ikuspegi murriztailearekin aplikatuak izaten ari dira. Aurretiko bisiten debekatzea edo hauek izan ondorengo berrogeialdi behartuak senideekiko harremana oztopatzen edo galarazten dute. Itxialdien kalteak esponentzialki biderkatzen dira espetxetako hormen artean. Komunikazio ororen debekatzeak, bisitak edota deiak indargabetzeak, preso diren pertsonengan isolamendu eta bazterketa areagotzen.
Neurri hauek senideen harremanetarako eskubidean era kaltegarrian eragiten du. Ezarritako agindu murriztaileekin, pandemia aurretik presoen senideek zuten komunikazio bideak ez dira erregulatu. Jaengo, Curtisko (A Coruña), A Lamako (Pontevedra) eta Brievako (Avila) espetxetan, esate baterako, atzera egin da harremanen esparruan. Aurrekari hauek ikusita, euskal presoen senideen artean beldurra zabaltzen ari da udazkenari begira gerta daitekeen espetxetako itxialdi orokortuarekin. Desinformazioa, segurtasun eta ziurtasun eza, komunikazio mugatuak, hilabete ugariz bisitarik ez edukitzearen izua, distantziak eta urrunketak eragiten duen estutasuna... lehendik zuten zigor erantsiaren zamari sufrimendu gehiago ezartzen dio.
Pandemiaren aurrean gizarteari erantzukizunez jokatzeko eskatzen den garaiotan, espetxetako aginpideek beraien erantzukizunari muzin egin eta presoen zein beraien senitartekoen eskubideen aurka aritu dira. Eskubideen, osasunaren eta bizitzaren errespetua lehenetsiz, espetxe administrazioek garaia dute ardurari heldu eta ez berandutzea.
Presoak euren jaioterritik hurbilen diren espetxetara lekualdatuak izan behar dira. Euskal presoak Euskal Herrira hurbildu behar dira. Osasun eta bizitza eskubideak bermatzen dituzten erabakiak lehentasun izan behar dute krisi sanitario honetan, arrisku handiena duten multzo zaurgarriei aterabide ezberdinak emanez: larri gaixo diren zein 65 urte baino gehiago dituzten presoen berehalako askatasuna.
Espainiar estatuak legediaren betetzearen inguruan egindako aipamenen aurrean, Etxerat elkarteak oroitarazi nahi du, gorazarre egiten duten legaltasun hori beteko balitz, 80 euskal preso baldintzapeko askatasunean egongo liratekela. Espetxe-egoera hauetan dauden presoen askatasuna lehenbailehen hartu beharreko erabakia da, beraien askatasun-eskubidea gehiago urratu gabe.
Etxerat elkarteak erakunde internazionalek pandemia hasieran gomendatutako neurriak direla azpimarratu nahi du. Garai hartatik, estatu espainiarreko espetxeen eta giza eskubideen eremuko 70 elkartek baino gehiagok, tartean Etxerat elkartea, beraien aplikazioen lanean dihardugu.