ETXERAT. Bihar Etxerat Elkarteko ordezkaritza bat Bruselara bidaiatuko du larri gaixo diren 11 euskal preso politikoen egoeraz berri emateko. Gaur Donostiako Koldo Mitxelenan egindako prentsaurrekoan jakinaraztera eman dugu bertako europarlamentariekin bilduko garela, gai honi merezitako trataera emateko:
Bruselara bidaiatuko du berriz bihar Etxerateko ordezkaritza batek, Europako parlamentuko talde batzuekin elkarrizketatzeko. Gure asmoa, berehalako irtenbidea behar duen egoera baten berri ematea da: gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 11 euskal preso politikoena. Egunez egun, berez delikatua den haien osasunak okerrera nola egiten duen ikusten dugu. Haien osasunaren eskubidearen gainetik, espetxe politika berezi eta gogor baten bizi baldintzak daudela ikusten dugu. Hobera joateko edota gaixotasuna geldiarazteko aukerak tratamendua lortzeko eta mediku jarraipen egokiak lortzeko zailtasunengatik oztopatuak dira; osasun asistentzia eza, kasu askotan, isolamenduarengatik, tentsioengatik eta baita erasoengatik. Eta egungo legediak beraienak bezalako gaixotasun kasuetan aintzat hartzen duen askatasuna, sistematikoki nola ukatzen zaien ikusten dugu.
Gogorarazi nahi dugu, egoera hau bereziki, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen egoera, alegia, izan zela joan den urtean europarlamentari talde hau gehien kezkatu zuen afera Euskal Herria bisitatu zutenean.
Gogorarazi baita ere, laburpen txiki bat eginez, duela bi urte alderdi ezberdinetako talde europarlamentarioekin lehendabiziko harreman bat izan genuela. Bertan, euskal preso politikoei era unibertsal eta sistematikoan zein haien familia eta arlo afektibo osoari eragiten dieten dispertsio politikaren ondorio larriak jakinarazi genizkien. Hilabete batzuk geroago, 2016ko otsailean, eta kontaktu eta bilera agenda bete batekin, europarlamentarien delegazio bat Euskal Herrira etorri zen, Etxeratek helarazitako informazioa alderdi politiko, eragile sozial, sindikal, talde-erakunde eta kargu publikoekin alderatzeko.
Apirilean, europarlamentari talde honek euren txosten propioa aurkeztu zuten motibazio politikoko presoen egoera eta dispertsio politikaren ondorioen inguruan. Txosten honen ondorioen zein gomendioen atalean, europarlamentariek kezka adierazten zuten larriki gaixorik diren presoen inguruan.
Egoera hau, txosten hau garatzetik urtebetera eta ETAren su-etenarekin Euskal Herrian agertoki berri bat zabaltzetik bost urtetara, berdin-berdin mantentzen da: gure senideen gaixotasuna haien zein gure gainean oinazea, presioa eta xantaia eragiteko instrumentua izaten jarraitzen du. Horrela erakusten dute agerraldi eta interpelazio instituzionaletan jasotzen ditugun erantzunek dispertsioa edozein baldintzatan mantentzearen alde dauden alderdiengandik.
Egoera larria da, ez soilik kaltetuentzat, baizik eta haien senide eta lagun guztientzat. Bitartean, gaixotasunak aurrera darrai, eta kasu berriekin haunditzen ari den zerrenda, gobernu espainiar eta frantsesarentzat Giza Eskubideek duten balio eskasaren isla da. Horrek, Europako erakundera berriz jotzera eraman gaitu. Egoeraren eta ondorioen irismena azaldu nahi diegu europarlamentariei, eta konpromiso berriak eskuratu.
Bruselasera joango den Etxeraten delegazioa, larriki gaixo diren presoen senide zuzenek eta elkarteko kideez osatua dago. Hegazkinera igo aurretik, Etxerateko bozeramaleek adierazpenak egingo dituzte komunikabideen aurrean, Biarritzeko aireportuan, goizeko 8:30etan.