Bihotzetatik zintzilik

- Euskal preso politikoen senide eta lagunentzako errekonozimendu eta opari gisa aurkeztu dute kanta, bisitetatik bueltan etorri-berri diren guztientzako

- Kanta egun berezian aurkeztu dute hurrengo asteburuan seniderik egongo ez delako espetxeetara bidean NowBilbora mobilizazioan parte hartuko dutelako

 

ETXERAT. Bost urte igaro dira Siroka taldeak Bihotzetatik zintzilik kanta aurkeztu zuenetik. 1825 egun, 43800 ordu. Tamalez, kantaren mezua ez da iraganeko kontu bat; bost urte hauetan mugimendu politiko batzuk oso sakonak izan diren bitartean, preso, senide eta lagunen giza eskubideak astebururo, uneoro, urratuak dira.
Horregatik, oraindik dirauen estatuaren biolentzia salatu eta sufritzen dutenei opari eta errekonozimendu gisa, Siroka taldeak, Etxerat elkartearekin batera, Bihotzetatik zintzilik abestiaren bertsio akustikoa aurkeztuko dute gaur arratsaldeko 20:00etan naiz.info eta ahotsa.info web atarietan.


Siroka taldeko Maria Riverok adierazi duenez, "oraingo honetan kantaren bertsio akustikoa egin dugu -pianoa edota biolinak eta biolontxeloarekin-. Baina ez hori bakarrik, gurekin batera, kolaboratzaile ugarik hartu dute parte". Bihotzetatik zintzilik abestiaren bertsio akustikoan, besteak beste, Petti, Zaloa Urain, Antton, Gorka Suaia, Igor Arzuaga... hartu dute parte. Abestia, Kaki Arkarazoren produkzio eta gidaritzapean egin dute baita Andoaingo bere estudioan grabatu ere. Kantarekin batera, bideoklip bat argitaratuko dute gaur arratsaldean, estudioan bertan grabatutakoarekin bideoa prestatu baitute Goizeder Saez de la Fuenterekin. Oso berezia da Bihotzetatik zintzilik kanta bai Siroka taldeko musikarientzako bai euskal preso politikoen senide eta lagunentzako eta, horregatik, Siroka taldeko kideek eta Etxeratek abestia berreditatu nahi izan dute, "bost urte igaro arren, asteburu honetan ere, errepideetan egon garelako" .


Aurkezpena egiteko aukeratutako eguna ez da kasualitatea, "hurrengo asteburuan senide edo lagunik ez delako egongo errepideetan espetxeetara bidean". Etxerat-ek duela aste batzuk iragarri bezala, euskal preso politikoen senide eta lagunak ez dira, hurrengo asteburuan, bisitetara joango Bilbon, NowBilbora mobilizazioarekin bat egin dutelako. Horregatik, "opari berezia". "Asteburu berezi baten ostean eta mobilizazio erraldoi baten atarian" datorrelako, azpimarratu dute.

Etxerat elkarteak eta Siroka taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie ere bolondres aritu diren musikari, argazkilari, bideo-egile zein produktoreei, euren lanari esker izan delako posible kanta argitaratzea.DESKARGARAKO LINK-a hemen! 


Datu teknikoak:
Biolontxeloa: Andres Monsalve Biolina: Amaia Pavon (Ain1) eta Aritz Madariaga; Pianoa eta moldaketak: Igor Arzuaga; Ahotsak: Zaloa (Kokein), Petti, Antton, Gorka Suaia; Musika: Siroka; Hitzak: Beñat Zarrabeitia, Siroka, Gorka Suaia; Produkzioa eta grabaketa: Kaki Arkarazo; Bideoklipa: Goizeder Saez de Lafuente; Argazkiak: Eider Iturriaga.


Hauek hitzak:
Ilusioaren bidetik, ausardia lagun izan zenuen
etorkizuna irabazteko hautua egin zenuen
sentimenduen bidetik errepidea ezagutu genuen
urruntasunean gertu sentitzen gaituzue
Argazki bihurtu zaituzte
ixilarazi nahi zaituzte
itsu, mutu eta gor nahi zaituzte
debekatuta zaude, debekatuta gaude
debekatuta zaude, gaude, zaude, gaude....
Argazkiak hormetatik zintzilik
zuen irudiak lapurtu dituzten arren
gure artean jarraitzen duzue bizirik
gure bihotzetatik zintzilik
Irriak, laztanak, muxuak, besarkadak,
epaiketak, kolpeak, tortura, malkoak, isolamendua
txanponaren bi aldeak, borrokaren bi aldeak
Guk ezta ere ez zaituztegu nahi
argazki batean giltzapeturik
ez ziega batean, ez erbestean
soilik hemen barruan gure bihotzean
ez gara libre izango
libre denok izan arte
askatasunaren bide
bihur daitezela kilometro hauek
Argazkiak hormetatik zintzilik
zuen irudiak lapurtu dituzten arren
gure artean jarraitzen duzue bizirik
gure bihotzetatik zintzilik
Borrokaren bidetik etsipenaren etsai agertu zinen
barroteen arteko duintasuna bihurtu zinen
debekatuta zaude,
debekatuta gaude, zaude, gaude, zaude...
Argazkiak hormetatik zintzilik
zuen irudiak lapurtu dituzten arren
gure artean jarraitzen duzue bizirik
gure bihotzetatik zintzilik