ETXERAT. Urteko bosgarren istripuaren berri eman eta ordu gutxietara, asteburu honetan gertatu den ezbehar berri bat jakinarazi zioten Etxerat elkarteari.

Olga Comes Aranbillet euskal preso politikoaren lagun batek istripua izan zuen Leonen dagoen Mansillako espetxetik (360 km) itzultzen ari zela, bisita egin ostean. Lizarra inguruan gertatu zen ezbeharra igandean, arratsaldeko 16:30etan. Euskal preso politikoaren lagunak autoaren kontrola galdu eta erdibitzailarean aurka jo zuen. Hormigoizko zatia zenez, kolpea gogorra izan zen. Istripuak eragindako kolpe eta haustura arinak artatuak izateko, mediku asistentzia behar izan zuen Olgaren lagunak.

Istripu honekin, 6 dira jada urte honetan dispertsio politikak eragindako ezbeharrak; hiru Mariano Rajoy gobernua zenean eta azken hiruak Pedro Sanchez gobernu buru dela. Etxeratetik Espainiar gobernuak egungo espetxe politika aldatzeko duen borondate eza eztabaidaezina dela azpimarratu nahi du. Istripuak eta hauen ondorioak ekidin zitezkeen, baina ez dute egin nahi izan. Hortaz gain, Pedro Sanchezek saldutako itxaropen edo aukerak atzean geratzen ari dira; euskal preso politikoen senide eta lagunen osasun eta bizitzen inguruan duten ardura handituz doa eta, baita, ezarritako arriskuenak ere. Espainiar gobernuak espetxe politika ez aldatzeko norekin eta zein terminotan hitz egin duen galdegiten dugu eta, baita, euskal preso politikoen senide eta lagunen bizitzen inguruan norekin eta zein terminotan hitz egin duten galdegiten dugu. Eta, azkenik, sufrimenduaren amaiera eta dispertsio politikaren desaktibazioa atzeratzean dauden interes politikoak azaldu ditzatela ere eskatzen dugu.

Etxerat