ETXERAT (2023-IV-18). Joseba Arregi oñatiarra Martuteneko espetxera itzuli behar izan da gaur. Auzitegiko Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onartu egin duelako, etete-ondorioekin, joan den astean Arregi hirugarren graduan sailkatzeko Justizia Sailak hartutako erabakiaren aurka fiskaltzak jarritako errekurtsoa.
Euskal gizartearen aurrean gure haserrea adierazi nahi dugu berriro ere, Arregiren eskubideen urraketa berriro ere gertatu delako. Izan ere, Joseba Arregik 77 urte bete ditu eta hoietatik 31 urte espetxean pasatu ditu. Hainbeste urteko espetxeratzearen ondorioz dituen multipatologiengatik kalean egon beharko luke. Gainera, Espainiako zigorraren hiru laurdenak beteta zituen 2019ko ekainean, eta Frantzian egin dituen 10 urteak zenbatu izan balitzaizkio, badira urte batzuk aske egon beharko litzatekela. Besarkada luzatu nahi diegu, bai Josebari, zein bere familiari.
Kasu honetan, duela hilabete Xabier Atristain eta Juan Manuel Inziarte presoen kasuetan gertatu bezala, aplikatu da Auzitegi Gorenaren doktrina. Epai horren arabera, presoa espetxera itzuli behar da, Espetxe Zaintzako Epaitegiak fiskalaren hirugarren gradua eteteko eskaera onartzen duenean eta errekurtsoa ebatzi arte.
Gainera, bigarren aldia da gradu erregresioa pairatzen duela. Hirugarren gradua jaso zuen Arregik, tratamendu-batzordeak proposatuta, 2022ko otsailean. Errekurtsoaren izapideak zortzi hilabetez luzatu ziren, harik eta Auzitegi Nazionalak presoa bigarren gradura itzuli eta espetxera itzultzeko eskatu zion arte. Martuteneko presoaren bilakaera ezagutzen duten teknikariek eta langileek proposatuta, joan den astean hirugarren gradua lortu zuen berriro Arregik Justizia Departamenduaren aldetik.
Berriro ere oztopoak baino ez dituztelako jartzen gure senide presoek aspaldi hasitako espetxe ibilbidea moztu nahian. Espetxe teknikoek ongi ezagutzen dute presoen ibilibidea, baina haien proposamenen aurka eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko erabakien aurka ari da Auzitegi Nazionala, gure senide presoek aspaldi hasitako espetxe ibilbidea moztu nahian.
Berriz diogu, epaile naturalek aplika diezaietela justizia arrunta gure senideei. Joseba eta gainontzeko preso guztiak etxera itzultzeko eskubidea dute eta hori bermatu arte, aurrera egingo dugu euskal gizartearekin batera. Joseba Arregiren askatasunaren alde deituko diren mobilizazioekin bat egiten dugu.