ETXERAT (2022-V-4). Lasterbidean nazio elkartasun lasterketaren aurkezpena egin dute Kanpezun. Hona hemen antolatzaileek emandako hitzartzea:
Lasterbidean elkartasun herri ekimeneko kideak Etxerat elkarteko euskal errepresaliatu politikoen senideekin Arabako Mendialdean batu dira aurtengo maiatzaren 28ko edizioa gogotsu aurkezteko. Kanpezu Nafarroarekin mugakidea den udalerria izanik, garrantzia eman nahi izan diote edizio honetan bi herrialdeei nolabaiteko presentzia emanez.
Kartelean azaldu bezala, Kanpezuko herriko plazako iturri esanguratsuan elkartu dira guztiak edizio honetako asmoak eta egitaraua plazaratzeko. Bi urte pasatxo igaro dira batu ziren azken unetik eta momentu hunkigarria bezain alaia izan da denak berriz elkartzea, izan ere, edizio hau prestatzen hasiak ziren pandemiak bete-betean jo zituenean antolatzaileak. Beraz, utzi zuten lekutik berrartu eta asmo handiko egitarau erakargarria proposatu dute.
Azken urtetan euskal preso politikoen egoera bereziki aldatuz joan da, gerturatze batzuk, gradu aldaketak... Dena den badira oraindik salatzeko egoerak, Lasterbideaneko kideek ekimena sortzean mahaigaineratu zuten bezala, azken errepresaliatua etxeratu arte, zereginik egongo da, beraz, esperantzaz eta determinazioz ekin diote euren lanari.
Herri ekimen honen antolatzaileak beroketa eta luzaketak egiten ari dira makina martxan dutelako aurtengo lasterketari ganoraz heltzeko. Berrikuntza batzuekin datoz korrikalari solidarioak, hasteko, igandean beharrean, larunbat batean ospatuko dute 2022ko edizioa, beraz, egitaraua luzeagoa izango da. Gau aldera musikaz girotuko dute herriko plaza.
Bestetik lasterketa luzea inoizko luzeena izango da, alde handirik ez badago ere, beraz, korrika egitera animatzen direnak 9,2 kilometroko distantzia egiteko prestatu beharko dira. Laburra egingo dutenek, aldiz, 3,2 km egin beharko dituzte. Azkenik, herri bazkariari ere garrantzia eman nahi zaio jendarteak aspaldiko partez duen elkartzeko eta partekatzeko beharrari modu lasai batean gozatzeko aukera emateko.
Egitarauaren barruan: goizaldean zumba beroketa kolektiboa, lasterketa luzea, ondoren laburra, sari banaketa, ekitaldia, herri bazkaria, umeen txokoa, pilota partidua eta kontzertuak eskainiko dituzte (Zaunka, Sakamantekas eta Erroka musika taldeekin). Eguna amaitzeko DJBullekin musikaz gozatuko dute bertaratutakoek.
Lasterketako izen emateak jada zabalik daude abendutik eta bazkarirako txartelak ere Arabako zein Nafarroako zenbait lekutan jarri dituzte salgai: Kanpezun, Gasteizen, Korresen eta Lizarran. Kanpezu herrian eskualdeko biztanle guztiei begirako herri aurkezpen irekia prestatzen ari dira (apirilaren 22an Kultur etxean burutuko dutena) eta bertan xehetasun guztiak itxiko dituzte. Halere herria euskal herritar guztiak beso zabalik jasotzeko prest dagoela gaineratu dute.