ETXERAT (2023-IV-23). Amaitu da, azkenik, horrenbeste sufrikario eragin eta utzi digun aro luze hau. Euskal presoen ehunka senitarteko eta hurbileko elkartu gara gaur hemen, berriro ere Bilbon, kasu honetan albiste on baten lekukotza ematera: dispertsioa eta urrunketa amaitu dira. Ehundaka senide eta lagunek agerraldia eskaini dugu Bizikidetza Plazan.

Gure senitarteko diren euskal presoekin dugun loturari eutsi ahal izateko, 1987tik hona amaigabeko errepideetan barrena ibiltzera behartuak izan garen milaka eta milaka lagunen artekoak gara.

500 euskal preso inguru urrundu eta sakabanatu zituzten garai hartan, guztira 79 espetxetan zehar, eta zigor erantsi horri denbora luzez eutsi zitzaion. Honek ez zuen ezein kasutan gertatu behar.

Gaur hemen oroitzen ditugu gurekin ez dauden senitarteko haiek guztiak, preso zeuden seme-alabak bisitatzeari utzi beharra izan zuten guztiak, eta besarkada bero bat ematen diegu errepidean bizia galdu duten 16 presoen senitarteko eta lagunei.

Gure esker ona, baita ere, horrenbeste denboraz eraman behar izan dugun motxila astuna arintzen esku-hartu duten pertsona eta entitate guztiei; autobus gidariei, Mirentxin-eko gidari boluntarioei, bisitaldietarako lagundu digutenei, hala Frantzian, nola Espainian.

Bidaia derrigortuen hiru hamarkada eta erdi izan dira, azkenik amaitu direnak. Beren emaitzak eman dituzte lanerako jarrera nekaezinak, konpromiso politiko eta sozialak, mobilizazioek, azken batez, Euskal Herrira presoak ekartzeko gizarteak izan duen inplikazioak bere emaitzak eman ditu.

Bizikidetzaren Plazan partekatu nahi izan dugu gaurko argazki hau, etorkizunari begira kokatzeko; behingoz gure senitartekoak etxera itzultzeko irekitzen den denbora berriari begira. Beti proposatzen aritu garen moduan, etxean nahi ditugu!

Garbi dugu zer gelditzen den egiteko dispertsioaren amaieraren ondoren. Senitartekook gaur Bilbon adierazi nahi dugu presoak, errefuxiatuak eta erbesteratuak etxera itzultzeko prozesuak garrantzi handia duela, legeak aurreikusten duen ibilbidearekin adostasunean. Errespeta daitezela haien eskubideak!

Guri dagokigunez, gure laguntza ematen eta gure eskaerak lau haizetara zabaltzen jarraituko dugu. Aro berri batean sartzen gara; orain salbuespen legeek behin betiko desagertu behar dute, gure senitartekoek etxera itzultzeko bidea burutu dezaten. Horrek, zalantzarik gabe, herri honetako bizikidetza eraikitzeko prozesuan aurrera egitera eramango gaitu.

Etxean nahi ditugu!

Etxera!