- Etxerateko ordezkaritza herrialde ezberdinetako 10 europarlamentariekin batzartu da gaur
- Europako Alderdi Popularreko ordezkariak ez du ulertzen nola den posible Espainiako Gobernuak espetxe politika malgutu ez izana
BRUSELA. Bruselara joan da Etxerat-eko ordezkaritza senide eta lagunek pairatzen duten sufrimenduaren berri ematera. Horrela dispertsio politikak eragiten duen giza eskubideen urrake sistematikoa eta euskal preso politikoei aplikatzen zaien salbuespeneko legedia izan dira bileretako ardatz nagusiak. Hamar izan dira guztira Etxerateko ordezkaritza hartu duten europarlamentariak. Ez hori bakarrik, Jan Peumans Flandeseko Parlamentuko Lehendakariak eta ALE Europako Aliantza Aske-ko bureauak harrera ofiziala egin baitiete.
Gaur arratsaldean, Bulgariako Ilhan Kyuchyuk Alemaniako Helmut Scholz, Euskal Herriko Izaskun Bilbao, Estoniako Tatjana Zdanka, baita Ana Miranda, BNG-ko Europako delegatua izan dira ordezkaritza jaso dutenak. Europako Alderdi Popularreko (EPP) Frank Engel europarlamentariak ere, bilera izan du ordezkaritzarekin eta bertan, Espainiako Gobernuak espetxe politika malgutu ez izana ez duela ulertzen adierazi die senideei. Ez hori bakarrik, era berean, ez du ezta ere ulertzen presoei aplikatzen zaizkien salbuespeneko neurriak oraindik ere mantentzea. Senideei aplikatzen zaien oinarrizko eskubideen urraketa edo zigor erantsia.
Dispertsioaren biktimak
Bileretan, Etxeratek dispertsioak senide eta lagunengan sorrarazten duen sufrimenduaz aritu da parlamentariekin. Ordezkaritzak, astebururo senideek egiten dituzten milaka eta milaka kilometroen berri eman diete eta giza eskubideen urraketa sistematikoaz jardun dira ere. Dispertsioa sistematikoki martxan jarri zutenetik 26 urte igaroko diren honetan, ordutik, 16 hildako sorrarazi dituela azaldu nahi izan diete Europako legebiltzarkideei.
Urtzi Errazkinek prentsari eginiko adierazpenetan adierazi du "900 direla astebururo astebururo errepideetan nahitaez jarri behar diren euskal herritarrak; familiak, umeak edota adineko perstonak. Denak, eskubideak sistematikoki urratuak dituztela; denak dispertsioaren biktimak".
Etxeratek prentsaurrekoa deitu du biharko, goizeko 11:30etan, Europako Legebiltzarreko Anna Politkovskaya gelan.