Gaixo larri diren 21 euskal preso politikoak kalean egon behar dira inongo atzerapenik gabe
ETXERAT (2019-VI-18). Gure besarkadarik estuena helarazi nahi diegu Jose Angel Otxoa de Eribe preso politiko arabarraren senide eta gertukoei. Pairatzen ari diren momentu zail honetan, gure babes osoa eta gure elkartasuna adierazi nahi diegu.
Euskal presoaren senideek baieztatu dutenez, Urkabuztaizko presoak gaixotasun larria pairatzen du. Horren ondorioz, hirugarren gradua eman diote, baina momentuz espetxean jarraitzen du. 61 urteko adina du Jose Angelek, 2000ko urtarriletik dago preso, 19 urte beraz,eta beteta ditu zigorraren hiru laurdenak. Castello I kartzelan dago. Duela lau urte prostata minbizia diagnostikatu zioten, eta tratamendua jaso ondoren, bere gaixotasuna indargabetu zela baloratu zen. Egoera horretan, bere gaixotasuna publiko ez egitea erabaki zuen Otxoa de Eribek.
Jaiki Hadi elkarteak kudeatzen duen larri gaixoen presoen zerrenda ez publikoan izan da orain arte Jose Angel Otxoa de Eribe, beste bost euskal preso bezala. Zoritxarrez espetxeak gaixotasun larriak areagotzen dituela frogatu da beste behin ere.
Laster gauzatuko omen den espainiar Gobernu berriari, zein epaile eta Espetxe Instituzioari, dei egiten diegu, behingoz, alferrikako sufrimendu honi bukaera emateko. Gaixotasun larriak pairatzen dituzten 21 senide ditugu espetxetan, hoietako 15 zerrenda publikoan, eta hauek guztiak, baldintzarik gabe, inongo atzerapenik gabe, kalean egon behar dira.
Ankerkeriak ezin du inondik inora baldintzatu osasun eskubidea, ezta haien eta gure itxaropena ito. Etxerat Elkarteak eskatzen du, gaixotasun larriak pairatzen dituzten euskal preso politikoak Euskal Herriko espetxeetara hurbildu eta haien txosten medikoak aztertu ondoren, beharrezkoak dituzten afroga guztiak egitea. Egoera larrienetan aurkitzen direnak, espetxetik atera behar dira, eta kasu guztietan, 2. gradu malgua edo 3. gradua eman behar dizkiete.
Espetxe arduradunei eta epailei eskatu nahi diegu arduraz eta azkartasunez aritzeko, Jose Angel Otxoa de Eribe bere senidekin lehenbaitlehen egoteko, eta bidez batez, bere osasuna egoera dela eta, duintasunez, dagokion tratamendua jaso ahal izateko.