ETXERAT (2020-IX-16). Espainiako Kongresuan zein Senatuan 36 diputatu eta 33 senatari dituzten hamar talde politikok adierazpen bateratu bat adostu eta argitaratu zuten atzo, Igor Gonzalez Sola euskal preso politikoaren heriotzaren harira. Adierazpenean oraindik euskal presoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzeko eskatu dute Espainiako Gobernuari, garai berrira egokitutako espetxe legeria aplikatu dezala exijituz.

EAJk, EH Bilduk, Geroa Baik, ERCk, Junts Per Catalunyak, Mas Paisek, BNGk, Compromisek, Mes per Mallorcak eta CUPek izenpetu dute adierazpena. Gogorarazi dutenez, ohiko espetxe legeriari jarraituz, Gonzalez Solak kalean behar zuen aurtengo martxoaz geroztik, zigorraren hiru laurdenak beteak zituelako.

Gasteizko Parlamentuan, bestalde, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos-IU alderdiek heriotza beraren aurrean, urruntze politikarekin amaitu, gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratu eta gradu aldaketa sustatzearen aldeko idazkia sinatu dute gaur goizean.

Etxerat Elkartetik begi onez hartzen ditugu bi ekinbide hauek. Baikorrak eta baliodun dira euskal gizartearen gehiengoaren, alderdi politiko, sindikal eta eragile sozialen, baita euskal instituzioen sakabanaketa politikaren indargabetze nahaiaren inguruan batu egiten dituzten iniziatibak.

doku.png