Mingaineko tumore bat kentzeko Badajozeko ospitalean uneotan operatzen ari diren Fraile esposatuta izan dute logelan atzotik eta presoa bere onetik ateratzeko asmoz uneoro iskanbila sortzen aritu dira zaintzen duten lau poliziek; sendiari bisita oztopatu diote ere.

 

ETXERAT. Mingaineko minbizia sendatzeko ebakuntza izaten ari den Gorka Fraile euskal preso politiko durangarrak tratu anker eta oldarkorra jaso zuen atzoko egun osoan zehar Badajozeko ospitaleko logela batean uneoro zainduta duten lau polizien aldetik. Ebakuntza bat jaso aurretik beharko lukeen lasaitasun tratuaren aurka, eskuburdinak jarrita izan ditu Frailek atzotik kartzelatik ospitalera bidean 07:30etan atera zutenetik (gauean zehar ere), eta zalapartaka aritu zaizkio etengabe poliziak atzoko egun guztian zehar: mobilaren bidez musika eta bideoak bolumen handian jarriz, paretaren kontra kolpeak emanez eta logelan zegoen edozer iskanbila sortzeko baliatuz. Altzari pieza bat puskatzera heldu dira ere. Tratua argi eta garbi ankerra izan da: lasaitasuna lortzen zuela ikusten zuten unean asaldatzeari ekiten zioten poliziek. Tratu krudel horrek zuzenean eragin dio Fraileri. Hainbeste, sendiak hura ikustea lortu zuenean egoera oso urdurian topatu zuela Fraile, oraintxe egiten ari dioten ebakuntza baztertzeko aukera planteatu zuela ere, kartzelara berriz eraman zezatela eskatuz.

Horrez gain, sendiak Fraile bisitatu dezan oztopoak jarri dituzte, eta presoa ikustea galarazten saiatu dira. Atzo abokatuak azaldu zienez, Frailerekin lau orduz (16:00etatik 20:00etara) egoteko aukera izan zezaketen, hori baita preso sozialek izaten duten denbora, baina preso politikoa izanda polizia buruaren esku izango zela ohartarazi zien. Hala, hasiera batean 18:00etatik 20:00etara eman bazieten, gerora poliziek ekidin egin zuten hori: presoarekin egoteko 30 minutu soilik uzteko agindua zutela esan zioten familiari. Hori dela-eta 10 minutuko tarteetan sartu ziren hiru famili- kideak. Horrez gain, ebakuntza-gelako itxarongelan egoteko eskubidea ere ukatu diote sendiari goizean. Euskal Herriko mediku ezberdinek Badajozeko ospitalera deitu eta egoera aldatzea lortu dute, eta uneotan bi famili- kidek sartzea lortu dute. Goizeko 08:30etan hasi zaizkio Fraileri ebakuntza egiten eta 17:30etan dago aurreikusita amaitzea. Lau poliziak ere berarekin sartu dira ebakuntza-gelara Fraile "zaintzeko".

Prentsaurrekoa
Giza eskubideen aurka doan tratu nardagarri eta bihozgabe hau dela-eta, Etxerat Elkarteak prentsaurrekoa eskainiko du bihar Durangoko Kafe Antzokian, Plateruenan, 11: 30etan, azalpen gehiago eskaintzeko . Bertan, Etxerateko kide bat, Gorka Fraileren famili kide bat eta mediku bat izango dira.

 

PRENTSAURREKO DEIALDIA


GAIA: Gorka Fraile euskal preso politiko gaixoak atzo Badajozeko ospitalean jasotako tratu ankerra.


DATA: Bihar, ekainak 10, asteazkena.


ORDUA: 11:30etan.


LEKUA: Plateruena Kafe Antzokia, Durango.