ETXERAT (2022-VI-23). Uda garaian sartu gara eta gogor salatu nahi dugu Ion Kepa Paroten baldintzapeko askatasunaren seigarren eskaeraren aurrean frantziar Estatuaren aldetik agertutako jarrera ankerra, eta Fiskaltza antiterroristak mantentzen duen mendekuan oinarritutako jokamoldea. Garrantzitsua da oso Bakearen Artisauek eta Bake Bidean-ek Ipar Euskal Herrian presoen alde martxan duten dinamika. Bizi osorako zigorra aurkako dinamikaz ari gara eta baita gainontzeko euskal presoen etxeratze prozesuaz ere.
Lege arrunta aplikatzeak berehalakoa izan beharko luke, ez dago ez argudio ez aitzakiarik salbuespeneko espetxe politika iraunarazteko. Hego Euskal Herrira bueltatuz, mantentzen duen blokeoaren aurrean, Iruñeko espetxeko zuzendaritzari eskatu diogu Sarek eta Etxerat-ek espetxe-bidea ahalbidetzeko, oztopo izateari uzteko, euskal presoen eskubideak errespetatzeko eta jarrera proaktiboak izateko.
Salbuespen-politika hori euskal presoen lekualdatzeei eta hurbilketei buruzko datuetan ere islatzen da, eta moteltze hori ez dator bat euskal gizartearen borondatearekin. Izan ere, bi hilabete igaro dira azken euskalherriratzea eman zenetik. Bitartean, euskal preso horien senideek ehunka kilometro egiten jarraitu behar dute 40 minutuko bisitak izateko. Topas, Mansilla, Dueñas, Estremera, Alcala, Asturias, Daroca, Zuera, Soria, Burgos, Logroño eta El Dueso, urrutiko espetxean dira oraindik 65 euskal preso, beste 17 Frantzian, eta premiazkoa da urrunketari behin betiko amaiera ematea.
Hala eta guztiz ere, zalantzarik gabe, egoera, oro har, hobera aldatu da, eta aurrerapauso garrantzitsuak ematen ari dira. EPPK-ko 183 presoetatik, 101 daude gaur egun Euskal Herriko espetxeetan. Ez dago jada euskal presorik lehenengo graduan, 21 preso hirugarren graduan daude, eta dozena erdi baino gehiago baimenekin ateratzen ari dira espetxetik.
Aurrerapenak dira baina, lege arrunta aplikatuz gero, euskal preso gehienak atera beharko lirateke modu batera edo bestera. Ez baikara ari onurez. Salbuespen-politika desagerrarazteaz eta lege arrunta aplikatzeaz baizik. Eskubideez ari gara, legean jasota dauden eskubideez. Azken ostiral honetan, hasitako bideari bultzada ematearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Argi baitugu, jendarte zibilaren aktibazioari esker iritsi garela honaino eta urratsak ematen jarraituz, kilometroak batuz, egingo dugula aurrera.
Salbuespenezko espetxe politikarekin behin betiko amaitzeko aukera dugu eskuartean eta lortu artean ez gara pausatuko. Izan ere, hala ez den bitartean, benetako bizikidetza, memoria, justizia edota bake egoerez hitz egitea, zoritxarrez, ezinezkoa izango baita. Horrela sufrimendu egoerekin amaitzea ezinezkoa delako eta herri gisa aurrera egitea ezinezkoa delako. Eta hau da, hain zuzen ere, jendartearen gehiengoaren nahia, aurrera egitea. Eta guztion eta gutako bakoitzaren erantzukizuna da errealitate bihurtzea.
Etxerabideagertu! Etxean eta bizirik nahi ditugu!