ETXERAT (2023-XI-24). Iritsi gara azaroko azken ostiralera eta bidea egiten jarraitzen dugu. Giltza izatea dagokigu denoi eta bagoaz  herriz-herri, auzoz-auzo konponbiderako giltzak konpartitzen, manifestua hedatuz, konpromiso aktiboen bila. 

Etxeratzeko bideari, konponbideari eta elkarbizitzaren eraikuntzari bide ematen jarraitzeko ateak irekitzeko unea delako aurkeztu genuen Giltza izeneko manifestua joan zen urrian eta gero eta babes gehiago 
lortzen ari gara euskal gizartearen partetik.

Salbuespenezko espetxe-politikaren atea behin betiko ixteko unea baldin bada ere, badakigu ezbeharrak ezagutuko ditugula oraindik ere. Hiru euskal presoek hirugarren graduaren erregresioa pairatu dute egunotan. Espetxera bueltatu izan behar dira. Berriro oztopatu dute dute presoak etxera itzultzeko aspaldi hasi  zuten bidea eta, berriz diogu, lege arruntak ez duela esaten presoek azken egunera arte bete behar dituztenik zigorrak espetxe barruan. Baina berriro diogu, aurrera goaz oztopo guztien gainetik eta nahi baino mantsoago baldin bada ere, euskal gizartearen bultzadak fruituak ematen ari da zalantzarik gabe. 

Datorren abenduaren 10ean Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Egun horretan, eremu mobilizatzailearen baitan, salbuespen espetxe-politika, eskubideak urratzen dituen alde zigortzailea soilik duena, 
salatu du urtero Etxerat Elkarteak bai Gasteizen zein Iruñeko kaleetan. Aurten, abenduaren 9an, Durangoko  Azokara eramango dugu Giza Eskubideen defentsa eta horretarako, Sarek, Kultur Giltzak ekimen partehartzailea burutuko du, goizean zehar luzatuko dena eta Landako ondoko tximiniaren ondoan argazki herritar bat eginez bukatuko dena.

Badugu beraz egun horretan hitzordua Durangon, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen defentsan. Ondoren ere, abenduan zehar, salbuespen neurriei atea itxi eta euskal preso, iheslari eta deportatuen  eskubideen aldeko ateak irekitzeko asmoz sortutako Konponbiderako Giltzak ekimenaren baitako ekimenak biderkatuko dira. Baina lehenago, azaroaren 28 eta 29an, modu ofizialean aitortuak izan daitezen, bai Sara Fernandez eta bai haren moduan sakabanaketaren eraginez hildako gainontzeko 15 biktimak, urratsak ematera deitu dute  Sara Gogoan eta Iruñeko hainbat kultur eta gizarte eragilek. 

Eta biharamunean, azaroaren 30ean, euskal mugimendu feministak deituriko greba feminista izango da. Gaur egun, 21 euskal preso emakume daude. Zaintza eskubide kolektiboaren aldeko proposamen honetan, emakume presoak pairatzen duten zigor sozial, pertsonal eta penalaz mintzatu behar da berriro ere. Eta presoen zaintzaren ikuspuntutik, espetxea tarteko, zaintza lanak emakumearen bizkar suertatzen dira beti  ere. Greba feministarekin bat egiten dugu Etxerat eta Sare elkarteek. 

Aurrera goaz. Salbuespenezko legeriari amaiera emateko eta euskal preso, iheslari eta deportatuei behingoz espetxe-politika arrunta aplikatzeko beharra plazaratu nahi dugu gaurkoan ere. Ezin dugu gehiago itxaron, hori bait da euskal gizartearen gehiengoak eskatu eta nahi duena. 

Denok gara konponbiderako giltza!

Etxera!

SAREk eta ETXERATek deituta, 3.200 lagunetik gora inguru mobilizatu ziren atzo Euskal Herri osoan azaroko azken ostiraleko mobilizazioetan. 71 herri eta hirietan egindako mobilizazioen berri jaso dugu.

Hauek dira datuak; Zegama 15, Astigarraga 20, Gernika 35, Bilbo 130, Legorrreta 23, Elgoibar 35, Lezo 36, Ibarra 32, Zeberio 33, Lizartza 37, Durango, 68, Muxika 15, Gasteiz 285, Algorta 71, Orozko 18, Ordizia 55, Romo-Itzubaltzeta 24, Sopela 13, Larrabetzu 46, Oiartzun 30, Otxandio 38, Zaldibar 12, Erandio 29, Lekunberri 8, Laudio 24, Areso 15, Ermua 38, Etxarri 75, Galdakao 87, Leioa 53, Basauri 25, Usurbil 44, Zuia 18, Ikaztegieta 20, Bergara 53, Irurtzun 20, Bera 19, Berriozar 34, Aulestia 76, Gorliz 6, Plentzia 11, Lazkao 63, Tolosa 60, Aretxabaleta 47, Villabona 66, Ugao 35, Iurreta 42, Igorre 46, Deba 42, Ibarra 26, Bakio 25, Ea 35, Eskoriatza 33, Berastegi 28, Andoain 33, Santurtzi-Portugalete 106, Hernani 110, Zestoa 22, Oñati 71, Arrigorriaga 40, Hendaia 25, Baiona 15, Itxasu 15, Miarritze 15, Eibar 46, Donostia 125, Elorrio 55, Muskiz 14, Iruñea 75, Agurain 28, Busturia 17.