ETXERAT (2022-V-28). Gaur Lasterbidean lasterketa nazionalaren eguna iritsi da eta Kanpezura etorri gara elkartasun ekimen honekin bat egitera. Euskal preso politikoen senideok eskertu baino ezin ditugu egin, bihotzez, han eta hemenka, gurekin eta gure senide preso eta erbesteratuekin elkartasunez herri mugimenduak sortzen dituen ekimenak.
Duela bi aste Etxerat Elkartearen XIX. Batzar Nazionala burutu genuen Durangon. Guretzat ere, berebiziko garrantzia izan du hiru urteren bueltan, berriro ere, elkar egon, besarkatu eta, aurrera begira, euskal preso, iheslari eta deportauten eskubideen alde egin beharreko lanak antolatu eta eustea.
Bai kultura eta musikaren alorrean, bai babes sozialaren mailan, baita kirolaren eremuan, eskertzekoa da preso eta senideei luzatzen zaien elkartasuna eta konpromisoa. Besteak beste, gaur hemen, ospatu den Lasterbidean lasterketa. Ez ahaztu laster, uztailaren 29an eta 30ean, Hatortxurock izango dela Atarrabian eta ondoren, urte berriaren hasieran, eta gauzak ongi badoaz, Durangoko 40 minutuak.
Hatortxurockeko kidei hartuko dizkiegu haiek esandako hitzak oso egokiak iruditzen zaizkigulako. “Orain bai, Euskal Herriko zerua ikusten dute askok. Baina espetxean jarraitzen dute eta zerua bere osotasunean, leiho txiki batetatik eta inguratzen dituen pareta horiek gabe ikusi dezatela behar dugu”.
Hildo horretatik, Lasterbidean ekimenak uzten digun tartetxo hau aprobetxatuz, hauxe azpimarratu nahi dugu gaur hemen Kanpezun; herri dinamikari eta mobilizazioari esker presoen urrunketa eta dispertsioaren zikloa iragana bihurtzen ari dela.
Baina salbuespenezko espetxe politika ez da oraindik bertan behera gelditu. Askatasuna helburua izanik, ez diete uzten gure senide presoei ibilibidea egiten. Eta gainera, ezin dugu ahaztu; gaur egun, oraindik, EPPK-ko 65 presok (19 gehiago Frantziako Estatuan) Espainian urrunduta jarraitzen dutela, espetxe periferikoetan eta baita urrun dauden beste espetxeetan ere.
Beraz, aurrera Lasterbidean, animo guztioi. Mila esker gaurko egunagatik. Oraindik badugu zer egina, bakoitzak bere esparruan, lasterka, ahalik eta lasterren, denok etxera ekartzeko.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!