Lau lagun izan dira atxilotuak elkartasunetik, presoen eskubideen alde lan egiteagatik. Presoen eskubideen alde baita gure eskubideen alde ere, senide eta lagunon eskubideen alde lan egiteagatik, alegia. Duela bi hilabete burututako operatiboak defentsa juridikorako preso ditugun senide eta lagunek duten eskubidearen kontra egin zuen. Atzoko operatiboak ostera, osasun eskubidearen kontra egin du, zuzenean, presoek konfiantzazko medikua izateko duten eskubidearen kontra egin baitu. Espainiako estatuaren mendeku gosea beste guztiaren gainetik.
Mendeku politika hori da, orain, gure kontran datorrena. Errepresaliatuen senide eta lagunen kontra. Ezin gaituzte senide izategatik atxilotu baina gure elkartea, gure etxea den Etxerat kriminalizatu dezakete. Ezin gaituzte ixilarazi baina, gure salaketak estaltzen saiatuko dira, gure elkartea deslegitimatzen. Gure giza eskubideak urratu ditzakete, gure eskubideak urratzen dituzte baina, ez dute jendarteak horren berri izatea nahi.
Azken asteetan Etxerat jomugan jartzen ari zirela nabaritu dugu. Etxerat jomugan egon aurretik, presoen eskubideekin konpromisoa zuten beste elkarte eta kolektiboekin bezala, kriminalizazio saiakera martxan zegoen. EAEko Lehendakariarekin bilera ospatu ostean, Bruselara joan ginen Legebiltzarreko europarlamentariei gure egoera zein den azaltzera. Orduan abiatu zen Etxerat kriminalizatzeko kanpaina. Eta atxiloketa hauek izan dira kanpaina horren ondoriorik latzena.
Senideak gara. Lagunak gara. Euskal preso eta iheslarien ahaideak gara eta Etxerat da gure elkartea. Hemen antolatu, koordinatu egiten gara. Hemen aurkitzen dugu beharrezkoa dugun laguntza guztia, aholkularitza, elkartasuna eta Etxeraten, elkartearen baitan, pairatzen dugun egoerari aurre egiteko indarrak topatzen ditugu. Preso eta senideon kontra aplikatzen duten mendeku politikari aurre egiteko topagunea da elkartea; espetxe politika anker honek ez doalako bakarrik espetxean daudenen kontra; senideon kontra ere doalako bete betean. 26 urte daramatzate salbuespeneko espetxe politika honekin; mina, samina, eragin nahian. Eta lortzen dute, bai horixe, mina eta samina eragiten dituzte. Baina, horren guztiaren gainetik, senide eta lagunon konpromisoa bakea eta konponbidearekin dago. Gertatu den guztia inoiz errepikatu ez dadin. Inork ez dezan berriz sufritu guri sufritzea tokatzen ari zaiguna.
Mendekuak eta ankerkeriak ostera, bakea eta pertsona guztien giza eskubideen defentsarekin dugun konpromisoarekin egiten dute talka. Etxeratek bat egin du jendartearen gehiengoarekin; gehiengo sindikal eta politikoarekin. Eta egoera bere horretan mantendu nahi dutenentzat, arazo bat da hori. Arazoa ez dutelako konponbidera bidean pausu berririk nahi. Etxeratek konponbidearen bidetik jarraituko du. Salatu beharrekoa salatzen eta guztion ardura diren giza eskubideak, konponbidea eta bakea aldarrikatzen.
Honegatik guztiagatik, Izaskun, Nagore, Fernando eta Oihanaren askatasuna exijitzen dugu. Gure artean nahi ditugu. Etxean nahi ditugu!
Honen aurrean erantzuna emateko asmoz, atzo Euskal Herriko eragile politiko eta sozial ezberdinak bildu ginen. Testu amankomun bat adostu genuen eta datorren larunbatean, MARTXOAK 28, manifestazio nazionalerako deialdia burutu dugu. Donostiako Anoetako estadiotik abiatuko da arratsaldeko 5etan: "PRESO ETA SENIDEEN ESKUBIDEEN DEFENTSAN, ELKARTASUNA AURRERA!" lelopean. Gizarte osoari dei egiten diogu bertan parte har dezan