ETXERAT (2023-III-13). Xabier Atristain eta Juan Manuel Inziarte euskal presoak Martuteneko espetxera itzuli dira gaur. Auzitegiko Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onartu egin du, etete-ondorioekin, martxoaren 2an hirugarren graduan sailkatzeko Justizia Sailak hartutako erabakiaren aurka fiskaltzak jarritako errekurtsoa.
Bi kasuetan, lehen aldiz aplikatu da Auzitegi Gorenaren doktrina. Epai horren arabera, presoa espetxera itzuli behar da, Espetxe Zaintzako Epaitegiak fiskalaren hirugarren gradua eteteko eskaera onartzen duenean eta errekurtsoa ebatzi arte..
Euskal gizartearen aurrean gure haserrea adierazi nahi dugu, berriro ere oztopoak baino ez dituztelako jartzen gure senide presoek aspaldi hasitako espetxe ibilbidea moztu nahian. Izan ere, eginiko ibilibidearen helburua askatasuna da, horietako askori dagoeneko dagokien askatasuna hain justu.
Eskatutako baldintzak betetzen dituela argudiatuta, beste euskal presoen kasu batzuetan bezala, Eusko Jaurlaritzak hirugarren gradua eman zion Atristaini joan zen 2022ko uztailean. Baina hiru hilabete geroago, Espainiako salbuespenezko auzitegiaren erabakiaren ondorioz, bigarren gradura itzuli zen Atristain, eta espetxeratu zuten berriro. Duela hamar egun inguru, hirugarren graduan sailkatu zuen, berriro ere, Atristain Eusko Jaurkaritzako Justizia Sailak, baina espetxeari eta Gasteizko Gabernuari jaramonik egin gabe Espainiako justiziak espetxeratu du berriz euskal presoa.
Atristainek 12 urte ta erdi bete ditu preso. Duela urte bat Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi zuen Espainiak prozesu justu eta ekitatezkoa izatea egotzi zioala Atristaini, ez baitzion utzi inkomunikazio aldian konfiantzazko abokatu bat aukeratzen. Espainiako Auzitegi Gorenak preso donostiarraren zigorra ez errebisatzea erabaki zuen.
Inziartek, bestalde, 68 urte ditu eta 14 urte daramatza preso. Datorren urtean bere zigorraren hiru laurdenak beteko ditu. Duela hamar egun inguru Euskla Jaurlaritzak hirugarren graduan sailkatu zuen, espetxearen proposamenari kasu eginez. Duela gutxi iktus bat izan zuen Inziartek, eta eriondo dago une honetan. Ohartarazi nahi dugu espetxera itzultzeak ez diola inolako mesederik egingo berreskuratze-prozesuari.
Bi preso hauen eskubideen alde eta etxerako bidean jartzen ari diren oztopoekin behingoz bukatzeko deituko diren mobilizazioekin bat egiten dugu.