ETXERAT (2021-VI-28). "Ez ditugu onurak eskatzen, legea betetzea besterik ez". Horrela mintzatu da Xochitl Karasatorre, Ataria Irratian eginiko elkarrizketa batean. Berarekin batera, Maribi Beldarrain, Aitor Agirregabiria preso lizartzarraren ama eta Jon Ijurko, Tolosaldeko Etxerateko kidea izan dira.

Abuztuaren 7an hondartzetan egingo ditugun mobilizazioen berri eman dugu Ataria Irratian eginiko elkarrizketan. Datozen egunotan publiko egingo ditugu deialdiaren zehaztasunak.

Maribi Beldarrain, Aitor Agirregabiria euskal presoaren amak esan du, oraindik ere, 800 km-ko bidaiak egin behar dituztela Villabonako espetxera joan-etorrietarako. "Umearekin baldin bagoaz -aita izan zen Aitor duela urte bat- lo egin behar dugu Asturiasen, beraz, gastu handia izaten da, eta gainera hainbeste kilometro eginda, arriskua errepidean ere gehitzen da". Pandemiaren eraginez oso une zailak bizi izan dituzte espetxe barruan eta baita ere, kanpoan. Lizartzako presoak, adibidez, hiru hilabete eman zituen haurra ikusi gabe. Maribi Beldarrainek preso guzti guztiak Euskal Herrian egotea eskatu du.

Xochitl Karasatorrek, bere aldetik, urruntzeari behin betiko amaiera ematea premiazkoa eta beharrezkoa dela esan du. "Oraindik ere 65 preso (17 gehiago Frantzian) EHtik kanpo daude. Horrekin batera, salbuespeneko espetxe politikarekin amatu behar dute. Ez gara onurez ari. Preso guzti-guztien hurbilketaz ari gara, garaia delako. Salbuespen-politika desagerrarazteaz eta lege arrunta aplikatzeaz ari gara. Eskubideez ari gara, legean jasota dauden eskubideez".

Hemen duzue elkarrizketaren lotura https://ataria.eus/tolosaldea/1656321591215-ez-ditugu-onurak-eskatzen-legea-betetzea-besterik-ez