ETXERAT. “Askatasun haizea” lelopean, espainiar Estatuak mantentzen duen salbuezpeneko espetxe politika eta, bereziki, dispertsioa salatzeko ekimena jarri du abian Araban Etxerat elkarteak. Dispertsioaren aurpegien lekukotasuna konpartitu nahi dugu antzezlanen bitartez eta horretarako, egunotan, Agurain, Gasteiz eta Amurrion elkartasun emanaldiak eskainiko ditugu.

Datozen egunetan aurpegia jarriko diegu dispertsioaren ondorioei, antzez-ekintzen bidez. Asteazkenean, urriak 24, Agurainen izango gara; urriaren 25ean Gasteizen: eta urriaren 26an, ostirala, Amurrion. Ondoren, erakusketak burutuko ditugu Gasteizen; azaroaren 5etik 11ra Iparralde Gizarte Etxean; azaroaren 12tik 18ra Judimendi Gizarte Etxean; eta azaroaren 19tik 26ra Zabalgana Gizarte Etxean.

Honako hau elkartasun lan bat da, konpromiso handikoa, energiaz beterikoa, hainbat antzez-ekintzen bidez, parte hartuko duten artistek politika injustu honen gainean duten ikuspegia emango diguna. Interpretazioa, dantza, bertsoak edo musika, denak dira gizarte honetan oraindik bizi eta sufritzen dugun errealitatearen adierazpide berezi.

1999ko udazkenean Gasteizko Printzipal Antzokian "Etxera" gala egin zen, bertan gure lurraldeko kultur munduko ordezkari garrantzitsu ugari bildu zen, pertsona espetxeratuen giza eskubideen defentsan, beren senideekin elkartasunez eta sakabanaketa-politikaren bukaera eskatuz.

Ia hogei urte joan dira eta antzeko ekimen batekin gatoz berriz ere. Ekimenak berak, beraz, bi gauza adierazten ditu: motibazio politiko bategatik espetxeratutako pertsonen aurkako politika hark indarrean dirauela eta, ondorioz, elkar ikusi ahal izateko beren senideek milaka kilometro egiten jarraitzen dutela, eta gure herriko kultur munduko sektoreak hurbiltasun eta elkartasun sentsibilitate berezia izaten jarraitzen duela. Izan ere, giza eskubideen defentsan, gizarte sektore engaiatuenetako bat da, zalantzarik gabe.

Gaur egun, 23 arabar daude espetxean, bi deportaturik eta beste hainbat ihes eginda. 29 urte joan dira sakabanaketa politika martxan jarri zutenetik eta zazpi urte baino gehiago ETAk borroka armatuaren amaieraren berri eman zuenetik, baina guretzat, senide eta lagunentzat, ezer ez da aldatu, sakabanaketa politikak jarraitzen duelako guri min eta sufrimendu erantsia ematen.

Ondoriorik larriena da, urte hauetan pertsona presoak bisitatzera joanik, 16 senide eta lagunek bizia utzi dutela errepidean. Sakabanaketa eta urrunketa politikak bere horretan dirauen artean, familiak hiltzeko arriskuan daude. Gaur, gure maitasun harremanei eusteagatik, senide eta lagunek bidaia luzeak egin eta dirutza utzi behar izatera kondenaturik jarraitzen dugu era injustuan. Familia-kontziliazioa, bizitza eta, kasu batzuetan, osasunerako eskubidea bera erabaki politiko baten mende daude.

Etxerat elkarteak eskerrak eman nahi dizkie antzezlan hauen gauzatzean era batean edo bestean, eskuzabaltasunez, lagundu duten pertsona eta kolektiboei, era berean, dei egiten diogu arabar gizarteari egoera honi amaiera emateko ahaleginean etsi ez dezan. Lan hau ezinbestekoa da gatazkaren ondorioak gainditu eta bakea eta normalizazioaren bidean benetan aurrera egin dezagun denok. Lortuko dugu.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!

antzezlana.jpg