ETXERAT (2023-VIII-6). Gure senide preso, iheslari eta deportatuak etxeratzearen alde eginiko mobilizazioan 2.000 lagundik gora izan gara Bizkaia, Araba eta Lapurdiko hondartzetan.
Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau dira oraindik Estatu espainiarrarentzat, bereziki, Auzitegi Nazionala eta fiskaltzaren aldetik.
Ainhoa Barbarinek aste honetan jasandako gradu erregresioa, edota Xabier Atristrain eta gainerako euskal presoen aurka egiten ari den jazarpena salatzen dugu, justizia ez baita bere boterea justiziaz erabiltzen ari, errebantxa eta mendekuz baizik, beste garai batean bizi garela kontuan izan gabe.
Izan ere, batez beste, 20 urtetik gorako espetxealdia eta urruntasuna baldintza txarrenetan gainditzen dute euskal presoa eta iheslariak, asko eta asko jada adinduak dira eta horietako batzuk gaixotasun larriekin diagnostikatuak. Jarrera horiek ez dute betetzen espetxe-politika humanistaren legezko helburua, eta, aitzitik, gizagabetzat baino ezin dira jo. Testuinguru honetan, espetxe-administrazioaren ezaugarriak finkatu nahian EAEko Arartekoak esandakoarekin bat gatoz, izan ere, pertsona presoen duintasun-printzipioak, espetxe-aldia murriztea eta erkidegoan birgizarteratzea balore gisa hartzeko gomendioa.
Biktimen sektoreak, komunikabide eta Espainiako alderdi jakin batzuk osatzen duten lobbyari kasu eginez, aipaturiko espainiar justiziaren parte horren jarrera oztopatzaile eta konfrontatzailearen aurrean, berriro diogu, ez dira pribilegioak, gure senide presoentzat ez ditugu pribilegiorik eskatzen, eskubideak baizik. Aplikatu legeria arrunta eta desblokeatu dagokien ibilbidea!
Horregatik mobilizatu gara gaur Euskal Herriko 15 hondartzetan, euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak etxera bidean jartzeko unea delako. Eta bide batez, datozen asteetan Sarek deituta burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko gonbidapena luzatzen dizuegu.
Etxean eta bizirik nahi ditugu!
Etxera!