Senideen hutsegite bat baliatu zuten bisita gabe uzteko eta gainera hauek salatzeko.
ETXERAT. Aitzol Etxaburu (Ondarroa, 1979) euskal preso politikoaren izeba-osabak bisita gabe utzi zituzten Clairvaux kartzelako funtzionarioek joan den larunbatean. Goizeko bederatzietan zuten bisita eta 08:40etarako beharrezko diren nortasun agiriak entregatuta zituzten. Barrura sartzeko deitu zituzten eta detektorera hurbiltzen ari zirela poltsikoetan dirua zuela konturatu zen famili kideetako bat. Bertatik igaro aurretik dirua gordetzeko takilaren giltza eskatu zuen, detektorea eta takilak gela berean baitaude Aitzol preso duten Clairvauxeko kartzelan. Giltza eman beharrean dirua Aitzoli pasa nahi ziotela leporatu – ezinezkoa eta zentzugabea- eta beste gela batera pasa zituzten. Bi orduz izan zituzten, funtzionarioek zentzugabeko tesi hori, eta senideek behin eta berriro bueltako bidaiarako dirua zela errepikatzen zuten bitartean, jendarmeak iritsi eta komisaldegira eraman zituzten arte. Dirua kendu eta deklarazioa eta hatzetako aztarnak hartu zizkieten. Hasiera batean, jendarmeek ez zieten dirua itzuli nahi izan, baina bueltarako bidaiarako ezinbestekoa zutela errepikatu zutenean iritziz aldatu zuten. Arratsaldeko ordu biak aldera askatu zituzten. Hiru hilabeteetan bisitarik gabe zigortuko dituztela jakinarazi zieten, nahiz eta azken hitza fiskalak duen, eta korreoz jakinaraziko diete.
Ankerra da pertsona batzuk bere senidea ikusteko aukera gabe uztea 1001 kilometroetara dagoen kartzela batera egindako bidai luze eta konplikatu baten ostean eta beste hainbeste geratzen direnean bueltarako, baina askoz gehiago adinduak direnean, esfortzu handia suposatzen baitu. Handiagoa, euren dirua denbora batez atzeman eta gainera, bisita gabe geratzeko aukerarekin zigortuak izan direnean. Etxeratetik, azalpenak eskatzen dizkiogu kartzela horretako zuzendariari, eta aurrekoetan bezala, horrelako bidegabekeriak geldiarazteko horren emaitza ona eman duten kexa eta salaketak Clairvauxeko kartzelara zuzendu ditzatela animatzen ditugu herritarrak. Ezin ditugu gure eskubideak uneoro kartzelako funtzionarioen arbitrariotasun, gehiegikeri eta inolako profesionaltasunik ez duten jarreren menpe utzi.