patrizia.jpg

ETXERAT. Modu sistematiko eta kolektiboan euskal presoei aplikatzen zaien salbuezpeneko neurria dugu urrunketa. Dispertsio politikaren zutabe nagusia da urrunketa eta presoengandik haratago, haien senide eta gertukoek pairatzen dituzte gehien bat neurri honen ondorioak.

Ukaezina da, horrela baloratu dugu igazko balantzea egitean, azken urtean bai mobilizazio zein konpromiso alorretan euskal gizarteak eman dituen aurrerapausoak kualitatiboki azpimarratzeko modukoak direla. Gainera, eragile politiko, sindikal zein sozial eta Euskal Herriko instituzioen aldetik,  frantziar eta espainiar estatuek mantentzen duten blokeoa gainditzearen bidean emandako inplikazioa ezinbestekoa da. Salbuezpeneko politikak bertan behera utzi, eskubide urraketak gainditu eta gatazkaren konponbidea eta bakea atzeraezin bihurtzea dugu helburu. Baina Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen egoerak lehen bezala  dirau.

Horren aurrean, gure eskubide eta preso dauden senide eta lagunen eskubideen alde aurrerapauso erabakigarriak ematen jarraitzeko borondatea eta nahia adierazten dugu berriro ere.

Konpromiso horren arira, 2016ko otsailan abian jarri genuen “Dispertsioaren hegiak” izeneko egitasmoaren bigarren atala aurkeztera gatoz gaurkoan. “Dispertsioaren hegiak”, egungo espetxe politikaren bazter eta profil guztiak ikustarazteko ekimena da. Aurretik, lehenbizi, “Dispertsioaren haurrak” abiarazi genuen, ia ezezaguna zen errealitate bat hurbildu nahi genion eta hurbildu nahi diogu gizarteari gaur ere: euren bizitza, garapena, afektibitatea eta etorkizuna baldintzatzen duen salbuespeneko neurrien mende dauden haurrak dira.

Gaur bigarren hegi bat aurkeztu nahi dizuegu; “Adin nagusikoak/gaixorik dauden senideak eta dispertsioa”. Urrunketak pertsona ahulenengan duen eragina jakinaraztea dugu helburu; adin nagusiko pertsonak hain justu eta baita ere, gaixotasunak direla medio, hain urrun dauden espetxeetara haien senide eta lagunak bisitatzera joan ezin direnak.

Haien etxeetatik 600 eta 1.100 kilometro bitarteko espetxeetan daude euskal presoen %ko 70a. Bestetik, presoen gurasoen %ko 98ek, 60 urteko adina gainditu dute, gehienok 70 urte baino gehiago dituzte. Antzeko egoeran daude  gainontzeko senideak, alegia, osaba-izebak eta aitona-amonak. 10-30 urteetan derrigorrezko bidai luze eta garestiak egin dituzte. Zahartzeak eta bidai luze hoien eraginez jasandako higadurak mugatu egiten dute bidaiatzeko grina eta denei heltzen zaie, lehenago edo geroago, haien seme-alabak, ilobak zein lobak bizitatzeari uko egitea.

Bi senide ospitaleratu dituzte azken urtean, haien senidei bisitatzera joan direnean. 2017ko urtarrilan Olatz Lasagabaster euskal presoa erditu berri ospitaleratua zegoela, bere ama Mari Carmen bisita egiten ari zenean gaizki sentitu eta ospitaleratu egin zuten jarraian Valentzian, biriketako mina zela eta. Neumonia bat pairatu zuen. Joan den asteburuan, Villenako espetxean Gotzon bere semeari bisita egin aurretik, Jose Aranburuk ezuste larri bat jasan zuen hoteletik atera orduko. Ospitaleratu egin zuten eta bisita galdu egin zuen. Aurreko batean gertatu bezala, bere semea ikusteko egin beharreko 720 kilometro horiek ondorioak izan dituzte Jose Aranbururen kasuan.

Inposatutako bidaien ondorioak dira hauek beste ezuste asko bezala, mendeku klabean mantentzen ari diren presoen urrunketaren ondorioak. Haien seme-alabak, biloba eta lobak ikus ahal izateko duten aukera bakarra da hain urrun dauden espetxe horietara abiatzea, nahiz eta osasun egoera larrian egon.

Etxeraten lana gurekin konpartitu duten senide eta lagun guztiak, gure artean jada ez dauden horiek gogoratu eta aitortu nahi ditugu. Salbuezpeneko politika krudel horren ondorioz, senideak aske ikusi gabe betirako joan direnak gogoratu nahi ditugu bihotzez.

Eskertu nahi diegu mediku, sikologo eta eskubide sozialen aldeko pentsionisten plataformetako kidei “Adin nagusikoak/gaixorik dauden senideak eta dispertsioa” egitasmo honetan eskainitako ekarpena. Txostena eskuragarri duzue Etxerat Elkartearen web gunean.

Lan hau herritarrekin konpartituko dugu Euskal Herriko auzo eta herrietan datorren martxoaren hasieratik, eta horretarako hitzaldi sorta antolatzen ari gara. Txostenarekin batera, lekukotasunak jasotzen dituen bideo bat ere abian jarriko dugu.

Etxean eta bizirik nahi ditugu!