ETXERAT. Gaur ez dugu abenduko hilabete honetan zehar gertatutakoaren balantzerik egingo. Ez dugu ezta ere agurtzera goazen urte honetako balantzea egingo. Gaur konpromiso, bake eta maitasunari begiratu nahi diogu. Espero ditugun eta ziur asko gutxi izango ez diren erronkei aurre egiteko, beharrezkoa den indar eta berotasunez hartu nahi ditugu. Ematen dugun pauso bakoitza, zeharkatu behar dugun kilometro bakoitza ilusio eta itxaropenean bihurtzen jarraitzeko.
Horregatik, hemen zaudeten pertsona guztiei begiratu nahi diegu, hainbeste urtetako ostiral bakoitzean nola egon zareten hemen : guretzat, euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunontzat, zuen bermea, laguntza eta berotasuna zein garrantzitsua den jakin dezazuen nahi dugu.
Mirentxini begiratu nahi diogu, gurpilen gainean doan elkartasunari, boluntarioen esfortzuari, distantziak apurtzeko haien borondateari bolantea eskuan dutela. Pirritx eta Porrotxi begiratu nahi diegu, gure txikiak biltzen dituzten maitasunari, horren ondo marrazten dizkieten irribarre eta ilusioari.
Laguntzen gaituzten pertsona guztiei begiratu nahi diegu, arazoetatik atera eta bultzatzen gaituztenei. Almería, Bapaume, Valencia, Fleury, Algeciras, Villepinte, Topas, Huelva... bidean aurkitzen diren senide eta lagunei, espainia eta frantziako errepideetako kilometroak elkartasun kilometro bilakatuz.
Eta kartzela barrura zein gure herritik eta etxetik kanpo begiratu nahi dugu, eta gure senideei, espetxean eta deserrian daude gure senide eta lagunei hemen gaudela esan nahi diegu, lanean, eta horrela jarraituko dugula, denboraleak saihestuz, nekea baztertuz eta itxaropena elikatuz. Eta batez ere, maite ditugula esan nahi diegu. Ez ditugula ausentziak onartzen eta horregatik, beti gurekin datoz. Eta gaur hemen, haiekin, urte bat agurtzen dugu eta besteari ongi etorria eman.
Maitasun guztiarekin eta eskubide osoarekin: ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU
EUSKAL PRESO ETA IHESLARIAK ETXERA