ETXERAT (2022-XII-31). 3.000 lagun inguru mobilizatu ziren atzo Euskal Herri osoan Sarek eta Etxeratek deituriko urteko azken ostiraleko mobilizazioetan. 47 herri eta hirietan egindako mobilizazioen berri jaso dugu. Beste hainbat herrietan elkarrateratzeak izan dira, baina ez dugu haien informaziorik jaso.
Jende kopuruei begira, azpimarratzekoak dira, besteak beste, Iruñean 200 lagun bildu zirela; 60 Donibane Lohitzunen; 350 Gasteizen; Hernanin 160, Zarautzen 110, Durangon 160 edo Aulestian 140.
Hona hemen azken ostiraleko irakurketa;
2023. urtean sartuko gara eta euskal presoek eta haien familiek hamarkada luzeetan pairatutako eskubide urraketetako bati amaiera emateko atarian gaude; urrunketa eta dispertsioaren bukaera alegia. Gutxi falta zaigu horretarako eta euskal gizartea zoriondu nahi dugu, haiek gabe ezinezkoa izango litzatekelako hau lortzea.
Iaz, urte bukaeran, Euskal Herritik kanpo diren espetxeetan 90 euskal preso ziren oraindik (beste 21 frantziar Estatuan). Hamabi hilabete geroago, 14 preso falta dira Espainiatik hurbiltzeko, eta beste 12 Lannemezan eta Reaun daude. Zalantzarik ez dago, hobeto gaude. Presoak eta presoen senide eta gertukoak hobeto daude eta, pixkanaka, elkarbizitzarako eta urratutako eskubideak berreskuratzeko urratsak egiten jarraitzen dugu. Aurrera egin dugu, eta aurrerapena ikusita horrek bultzatzen gaitu etxera itzultzeko prozesua amaieraraino eramatera.
Ez da erraza izango. Oraindik Euskal Herrian ez daudenak behin betiko hurbiltzea falta da. Eskubideak guztiz urratuta dituzten 5 deportatu eta 24 erbesteratu izaten jarraitzen dugu. Gainera, konfrontazioa eta sufrimendua luzatzen ahalegintzen diren presio-taldeen oztopoak mantentzen dira, eta Auzitegi Nazionalak etengabe blokeatzen du preso eta erbesteratu horien etxeratzeko bidea. Haien bizitzak berregiten eta birgizarteratzean aurrera egiten saiatzen diren presoei modu sistematikoan graduak itzultzen diete, baimenak lortzeko oztopoak jartzen dituzte. Horrekin batera, Frantzian betetako zigorren zenbaketari uko egiteari edo Aznarren garaiko 7/2003 legea aplikatzeak dakarren gainerako salbuespena jasaten ari dira.
Hori guztiagatik, urtea bukatzen den honetan, etxeratze prozesua bere amaierara eramatea dugu helburu. Denok etxera bueltatzea, alegia. Eta urte berrian sartzen gara mobilizazioetan parte hartuz, euskal gizartearekin batera, euskal gizarteak konponbidea eta elkarbizitzarako hautua egin duelako. Testuinguru honetan, hainbat mobilizazio burutzen ari dira egunotan Euskal Herri osoan, bihar Martutene eta Basauriko espetxetatik manifestazioak burutuko dira.
Eta urtarrilaren 7an, arratsaldeko 17:00etan Autonomia kalea jendez bete eta “Etxera bidea Gertu” lemapean, manifestazioa egingo dugu. Bakearen, bizikidetzaren eta preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko mezua elkarrekin aldarrikatuko dugu.
Etxera bidea gertu!
Etxera!