forum3.jpg

ETXERATEuskal Herrian bueltan da dagoeneko Danimarka eta Suediara joan zen astean abiatutako  Etxerat Elkarteko delegazioa.

Espainiar eta frantziar estatuek eskubideen urraketak mantendu nahian baliatzen duten blokeoa gainditzea izan da oraingoan ere bidaiaren helburua, eta bereziki, urraketa horien ondorioak azaldu, alegia, presoen urrunketarekin bukatzeko beharra eta ondorio lazgarrienetako bat, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskalpreso politikoen egoera. Aurten, Belgika, Suitza eta Alemanian izan da ere Etxerat Elkartea, bertan euskal presoen egoera ezagutzera emateko eta egungo salbuespeneko kartzela politika salatzeko asmotan.

Oraingoan, eragile politiko zein giza eskubideen defentsan ari diren elkarteekin elkarrizketatu dira Etxerat Elkarteko bozeramailea den Urtzi Errazkin eta Ikerne Altuna, Jose Ramon Lopez de Abetxuko euskal presoaren koinatua. Oraingoan ere, Belgikan, Suitzan eta Alemanian gertatu bezala, sumindura eta harridura adierazi dute eragile politiko eta sozialek egun espainiar eta frantziar estatuek preso eta haien senideengan mantentzen dituzten eskubideen urraketak jakitean.

Kopenhageko Forum International Etxean antolatutako mahai inguru batean parte hartzeaz gain, hedabideekin izan da Etxerat Elkarteko delegaritza. “Flamman” izeneko astekarian elkarrizketa egin zieten. Horrekin batera, Amnesty International (AI) elkarteko kidea den Trine Christensenekin bildu dira. Euskal presoen egoeraren berri giza eskubideen alde lana egiten duten beste erakundeei helarazteko konpromisoa hartu du AI-k.

Danimarkako parlamentarioek ere hartu dituzte Etxerateko kideak, besteak beste, Feroe Irletako Sjurdur Skaale eta Green/Red-eko Nikolaj Villumsenekin bildu dira.

Ondoren, Suediako ezkerreko bi parlamentario eta europarlamentario baten ordezkariarekin hartu-emanak mantendu ditu Etxerateko delegaritzak. Kasu guztietan, elkarlanean jarraitzeko konpromisoa hartu zuten ordezkari politikoek. Stockholmon Kafe 44 izeneko aretoan, bestalde, hitzaldia eskaini zuten Etxerateko kideek.

Europa mailan euskal presoen egoeraren berri emateko, hurrengo bidaia Finlandia eta Norvegiara izango da.