- Briviescan gertatu da zauriturik gabeko istripua autobidera bi orkatz irten eta gero. Lau dira, dagoeneko, aurten gertatutako istripuak.
- Istripua asteburuan gertatu zen eta, Salamancako Topas espetxera bidean, aurten, gertatu den bigarren istripua da.
ETXERAT. Maitane Linazasoro euskal preso politikoaren hiru lagunek zauriturik gabeko istripua izan dute asteburuan, Topas espetxera bidean zeudela. Istripua, Briviescan, Burgosen gertatu zen, bidera bi orkatz irten eta gero. Goizeko 06.00ak aldera, Burgosera iristear zeudela, bi orkatz ikusi zituzten autobidean eta, horietako bati jotzea saihestu arren, bigarrena kotxearekin jo zuten.
Presoaren lagunek kalte fisikorik izan ez badituzte ere, kotxea erabat suntsituta geratu da. Bisita egitera ere ez ziren, gainera, iritsi. Horretaz gain, nabarmentzekoa da Topas espetxera bidean aurten gertatu den bigarren istripua dela, martxoan, Txente Askasibar, Gaizka Astorkizaga eta Xabier Ugarteren bikotekideek izan zutenaren ostean. Istripu hura ere Burgosen gertatu zen, mastin txakur bat autobidera sartu ostean. Topaseko espetxea Salamancan dago, Euskal Herritik 450 bat kilometrotara dago. 900 bat kilometrotako joan etorria 40 minututako bisita egiteko.
Aurreko astean, Parlamentuan, zenbait alderdik dispertsioak senideen eskubideak urratzen ez dituela entzun behar izan zuten senideek EAEko Parlamentuan. Maneiro jauna, Semper jauna; asteburuan, egoera anker honen beste adibide lazgarri bat jazo da. Senide izateagatik kondenatzen gaituzte. Noiz arte? Non daude gure giza eskubideak?
Etxerat elkarteak, beste behin, dispertsioaren salaketa garbia egin nahi du. 25 urte bete dira aurten, dispertsioa, era sistematikoan, martxan jarri zenetik. Eskubideen urraketa sistematikoa ahalbidetzen duen tresna da dispertsioa. Noiz arte?
25 urte hauetan, 16 lagun eta senide hil dira dispertsioaren ondorioz, errepideetan.
Etxerat Elkartea