ETXERAT. Suitza eta Alemaniara abiatu zen Etxerat Elkarteko delegazio bat, alderdi politiko zein giza eskubideen defentsan ari diren elkarteekin elkarrizketatzeko. Espainiar eta frantziar estatuek eskubideen urraketak mantendu nahian baliatzen duten blokeoa gainditzea izan da bidaiaren helburua, eta bereziki, urraketa hoien ondorioak azaldu, alegia, ondorio lazgarrienetako bat, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal preso politikoen egoera.

Urtzi Errazkin Etxerat Elkarteko bozeramailea eta Gentzane Callejo (Jagoba Codo euskal preso politikoaren izeba) Nekane Txapartegi euskal preso politikoa bisitatu zuten Zuricheko espetxean Suitzara heldu eta biharamunean. 11 hilabete darama Nekane Txapartegi preso prebentibo gisa Suitzan.

1999an atxilotu zuten eta torturatu egin zutela salatu zuen. Hala baieztatu berri du Eusko Jaurlaritzak sustatuta Paco Etxeberria auzi medikuaren lantaldeak egindako txostenak. 18/98 auzian zigortu zuten, baina ihes egin zuen, eta Espainiak haren aurkako estradizio eskaera egin dio Suitzari. Nekane Txapartegik asilo politikoa eskatua du Suitzan.

“Indartsu aurkitu dugu Nekane, baina egoera gogorra da pairatzen ari dena” baloratu dute Errazkin eta Callejok bisita bukatzean.

Nekane Txapartegiren egoera eta gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal preso politikoetaz mintzatu ziren Suitzako Legebiltzarrean, Balthasar Glättli, Talde Berdeko arduradunarekin etaParti Ouvrier et Populaire (POP) alderdiko ordezkaria den Denis de la Reussillekin. Bernan, Suitzako Alderdi Sozialistaren (PSS) ordezkari batekin ere bildu ziren Etxerareko ordezkariak.

Nekane Txapartegiren kasuan, tratu txarrak eta torturak ikertzeko protokoloa, Istanbuleko Protokoloa alegia, lantzen ari direla baieztatu zuen PSSko ordezkariek.

Torturaren Aurkako Mundu Erakundeko (OMCT) arduradun batekin ere bildu da Etxerat. Erakunde honek Nekane Txapartegi ez Espainiaratzeko eskatu zion Suitzako Gobernuari bere momentuan, hura Espainiako justiziaren esku uzteko galdegiteak jatorria duelako «torturapean egindako deklarazioetan oinarritutako epai batean». Gaixo dauden presoen kasuen jarraipena egiten ari da OMCT eta Ibon Iparragirre preso ondarrutarraren txosten berriak eskatu zizkioten Etxerateko ordezkariei.

Berlinen, Die Linkeko ordezkariekin bildu ondoren, Martxoaren 8ko manifestazioan hartu zuen parte Etxerateko delegaritzak. Alemaniako hiriburuan bi hitzaldi gauzatu ziren gaixo dauden presoak abiapuntutzat hartuta, batetik abokatu eta eragile sozial eta sindikalekin, eta bestetik gune autogestionatu batean, hainbat lagun parte hartu zutela.

Duela bi urte Europako Legebiltzarrean egindako bisitan Etxerat Elkarteak sortutako harremanen jarraipen gisa, Etxerateko delegaritza Bruselara abiatu zen joan zen urtarrilan Europako legebiltzarkideekin elkarrizketak gauzatzera. Inplikatzeko nahi horren ondorioz proposamen eta konpromiso zehatzak gauzatu ziren, besteak beste, orain Suitza eta Alemanian abiatutako bidaia. 

Ildo beretik, agenda lantzen ari gara datorren udaberrian Irlanda eta Inglaterrara, bertako arduradun instituzionalekin, eragile politiko eta sozialekin biltzeko.

bilera.jpg