ETXERAT (2021-X-2). Ruben Garate dispertsioaren biktima olanarenoroitzeko Otxandioko eraikin baten jarritako olana kentzea agintzen duen epaiaren balorazioa egin dute gaur Otxandioko alkatea den Egoitz Garmendiak, Rubenen anaia den Ibon Garatek eta Etxerat Elkarteak. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Auzitegi Nagusiak berretsi egin du murala kentzeko Bilboko Administrazio Auzietarako Auzitegiak Otxandioko Udalaren aurka emandako ebazpena.
Egoitz Garmendia, Otxandiok alkateak:
Otxandioko Udala Ruben Garateren heriotza dispertsio politikaren ondorio izan zela adierazteagatik jazarpen polizial eta judizial onartezina jasaten ari dela salatu nahi dugu. Udaletik Otxandion gatazka politikoari lotuta izandako sufrimendu guztia aitortu eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizun bat eraiki nahi dugu, baina Guardia Zibilak, eta Gobernu Delegaritzak zangotrabatu egiten gaituzte, behin eta berriro. Zergaitik ez digute elkarbizitzarako bidea lasai eta bakean egiten uzten? Zergatik eta zertarako jazarpen guzti hau?
Dispertsioaren biktimak, kasu honetan gure herrikide diren Ruben Garateren senide eta lagunak, gutxiestuak, minduak eta erasotuak sentitzen dira. Eta Udalari beraien alboan egotea dagokio, ez delako bidezkoa sufrimenduaren parte baten aurrean itsu, gor eta mutu egotea. Otxandioko Udalak Ruben Garateren lagun eta senitartekoen mina aitortu eta errekonozitzen jarraituko duela adierazten du, maite ditugulako, eta nekez eraiki daitekeelako elkarbizitza hainbat eta hainbat herritarren minari bizkar emanda.
Ibon Garate, Ruben Garateren anaia:
Minduak, erasotuak, gutxietsiak... horrela sentitzen gara epai honen aurrean. Bertan esaten denez, nire anaiaren irudi bakarrak, atzekaldean espetxe baten irudia duelarik eta "berriro gerta ez dadin DISPERTZIORIK EZ" lelorekin erakusteak, sentiberatasuna mindu eta biktima batzuei iraina /bidegabekeria eragin diezaieke...
Biktima batzuei egindako "irain" hori aitzakiatzat hartuta (nahiz eta halakorik inundik inora ez egon), ahaztu egiten dira sakabanaketa-politikaren benetako biktimataz, errepidean senideak galdu ditugunak, Espainiako eta Frantziako errepideetan milaka eta milaka km egin ditugunak, sakabanaketaren politika krudel eta mendekuzale horrek sortu duen eta sortzen ari den min guztia bertatik bertara bizi izan dugunotaz..
Ez da bakarrik sakabanaketa-politikaren biktimak bezala aitortzea ukatzen digutela, baizik eta horrelako epaiekin umiliatu egiten gaituztela . Aitortza ofiziala, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak eskatzen ditugu, eta debekuarekin erantzuten digute. Debekatu egiten digute nire anaiaren irudia jartzea, debekatu egiten digute sakabanaketa-politikaren aurka agertzea, eta, beraz, debekatu egiten digute errepideetan senide gehiago ez hiltzea eskatzea.
Badira herri hontan,errelato bat inposatzen saiatzen ari direnak, eta errelato horretan, biktima asko, besteak beste sakabanaketa-politikakoak, soberan gaude, traba egiten diegu. Horregatik, ez dute zalantzarik halako epaiekin gu isilarazteko eta ikusezin bihurtzeko. Epai hauek onartezinak dira, baldin eta egunen batean, sufrimendu guztiak, min guztiak eta biktima guztiak salbuespenik gabe, aitortuak eta errespetatuak diren elkarbizikidetzako agertoki batera iritsi nahi badugu.
Patricia Velez, Etxerat Elkarteko bozeramaileak:
Lehenenik eta behin, Ruben Garateren senideekin, gertukoekin eta, oro har, Otxandioko herriarekin bat egiten dugu. Etxerat Elkartearen izenean, gure besarkadarik handiena eta muxu bana beraz, oraingoan ere, Rubenen senidei.
Bere omenez, Ruben oroitzeko herriak jarritako olana guztiz zilegia da. Horrela uste dugu Otxandion ez ezik, Euskal Herri osoan. Baina, memoria eta oroimena gordetzeko eskubidearen aurkako enegarren urraketaren aurrean gaude. . Olana kentzeko epaian esan ez bezala, hemen ez dago “aukera ideologiko batetik hartutako atxikimendua”, neutraltasunak errelato anitzen eta errealitate poliedrikoan izan beharko luke ardatza.
Gogora ekarri behar dugu, berriro ere, Ruben Garate euskal presoen urrunketak eragindako istripu batean hil zela, Alcalá-Mecoko espetxean lagun bat bisitatu ondoren. Ruben eta errepidean hildako gainontzeko 15 pertsonak, azkenengo 35 urtetan Espaniak mantendu duen dispertsioaren eta urrunketaren biktimak dira.
Dispertsioak eragindako sufrimenduaren aitortza onartuta dago gehiengo sozial, politiko eta baita ere, instituzioen aldetik. Unea iritsi da salbuespenezko espetxe politika urte luzeek zuzenean eta zeharka eragin dituzten heriotzek planteatzen duten erronkari aurre egiteko. Pertsona horiei, Ruben barne, errekonozimendu ofiziala eta erreparazioa eskeini behar zaie.
Salbuespenezko espetxe-politikak heriotzak eragin ditu, eta horiek ere haien lekua izan behar dute memoriaren mapan, etorkizuneko bizikidetza elkarrekin eraikitzen jarraitu ahal izateko. Presorik gabeko etorkizuneko bidean aurrera egiteko.
Ruben gogoan! Gure oroimenean zaude!
Berriro gertatu ez dadin, sakabanaketarik ez!