Presoen birgizarteratzearen zazpi helburuak zehazteko, Nazario Oleagak, Nekane Altzelaik eta Agus Hernanek prentsaurrekoa eman dute. Foro Sozialaren partaideak garen heinean eta esandakoak duen interesa ikusirik, hona hemen oharra

ETXERAT (2021-VI-29). Joan den maiatzaren 31n, “Espetxe politikaren aldaketaren lehen fasearen balantzea” izeneko dokumentua argitaratu genuen.

Balantze hori honela laburbildu genuen: “Lehenengo faserako ezarritako helburuetako batzuk nahiko modu egokian betetzen ari dira: salbuespeneko espetxe politikaren neurririk ankerrenak (isolamendua, lehen gradua, urrunketa eta sakabanaketa) gainditzear daude, eta espetxe-arloko transferentzia sinatuta dago”.

Gainera, gaur pozik esan dezakegu fase hau amaitzeko markatutako udako epea betetzen ari dela.

Lehenik eta behin, komeni da gogoratzea, labur-labur, Mariano Rajoyren gobernuaren immobilismo-fase luzea gainditzea ahalbidetu zuten gertaera nagusiak: EPPKk 2017an egindako eztabaida, ETAren desegitea 2018ko maiatzaren 4an, EAEn eta Nafarroan lortutako adostasun sozial, sindikal, politiko eta instituzionalak eta 2018ko ekainaren 1eko zentsura-mozioa. Horiek guztiak izan ziren presoen auzia desblokeatzeko eta konponbidean jartzeko agertoki berri bat ireki zuten gertaera garrantzitsuak.

Euskal gizartearen helburua da, oraindik ere, motibazio politikoko delituengatik preso dauden pertsona guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako kartzeletan egotea, hirugarren graduan dagokien kasuetan, Estatu frantsesean bete diren zigorrak metatzea, eta, batez ere, presoek bizikidetza demokratikoa eraikitzen lagunduko duen birgizarteratze-ibilbide batean aktiboki parte hartzea. Horixe da birgizarteratze prozesuaren arrakastaren bermea.

Gure ustez, 2021-2022 ikasturteak bigarren fasean aurrera urratsak egiteko aukera eman behar du. Eta abiapuntua duela 22 hilabete genuena baina askoz hobea da, Sánchezen Gobernuak lehen hurbilketak egin zituenean.

Bigarren fasearen ezaugarri nagusiak zerrendatuko ditugu jarraian:

Baina, aurretik, bi kontu esanguratsu aipatu nahiko genituzke:

  • Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako espetxe periferikoetan eta bigarren mailan espetxeratutako preso gehienen egungo egoera aldi baterako etapatzat hartzen dugu;
  • Gure ustez, espetxe-politikaren aldaketa ez da lineala izango, nahiz eta duela hamar urtetik herrialdean bizi den egoera politiko berriak aurrerapenak eskatzen dituen presoen arazoa gainditzeko.

Bigarren fase honetarako, Foro Sozial Iraunkorrak zazpi helburu finkatu ditu:

  • a.- Arrazoizko epe batean egungo egoera trantsitorioa gainditzea eta motibazio politikoko delituengatik preso dauden pertsona guztiek Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako kartzeletan zigorrak betetzearen norabidean aurrera pausuak ematea.
  • b.- Hirugarren gradura igarotzea kondenaren erdia bete eta beharrezko baldintza objektiboak betetzen dituzten 119 presoak (112 bigarren graduan daude eta beste 7 lehen graduan edo 100.2 artikuluarekin). Hau da, gaur egun bigarren graduan dagoen tapoia gainditzea.
  • c.- Kondenaren ¼ bete duten eta behar diren baldintza objektiboak betetzen dituzten 34 pertsonei irteteko baimen arruntak eskuratzea.
  • d.- Birgizarteratze-plan bat zehazteko beharra. Plan hori erakunde publikoek gidatuko dute eta hainbat eragilerekin adostuko da (baita presoekin ere), eta, horren bidez, presoei lagunduko zaie birgizarteratzeko banakako ibilbidean, bai baldintzapeko askatasunerako bidean, bai ondoren etorriko den birgizarteratzeko bidean.
  • e.- Birgizarteratze-ibilbide horrek bermatu beharko du presoek emandako urratsek ondorioak izango dituztela, eta espetxe-agintariek eta eskumenak dituzten beste erakunde batzuek babestu beharko dute ibilbide hori, beharrezko bitartekoak jarriz eta politika koherenteak ezarriz.
  • f.- Lehen fasean eta “Konponbiderako premiazko agendan” (2018ko iraila) pendiente geratu den gai bati berehala ekitea: Estatu Frantsesean ezarritako zigorrak metatzea.
  • g.- 7/2003 Legearen ondorioz kondenatutako pertsonen auziari konponbide egokia eta denbora politiko berriarekin bat datorrena emateko beharra. Konplexutasun handiko kontua da, eta gatazkak konpontzeko erabiltzen diren nazioarteko estandarrei jarraitu beharko zaie. Ahalegin guztiak bideratu behar dira arazoari irtenbide iraunkorra ematera, bakea finkatzera eta berriz ez gertatzea bermatzera, berritzaileak izaten saiatuz eta jadanik alferrikakoa den estrategia antiterroristaren ondorioz sortu zen legedia bertan behera utziz, zigorrak gogortzearen logika hutsa baitu. Alde horretatik, gatazkaren ondorio guztiak ixteko, nazioarteko beste prozesu batzuetan aplikatutako justizia transitzional formak bilatzearen alde egiten dugu.

“Oinarrizko kanpaleku” hau, batez ere, inplikatutako hiru aldeen borondate politikoagatik eraiki ahal izan da –Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta EPPK–, eta urtetan zehar esparru instituzional, politiko, sindikal eta sozialean lortutako adostasunek bultzatu eta lagundu dute.

Asko izan dira adostasun horiek sustatu dituzten adierazpen instituzional, politiko, sindikal eta sozialak. Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian lortutakoaz gain, Espainiako Kongresuan, Bartzelonako eta Parisko Udaletan, Kataluniako Parlamentean eta Nazioarteko komunitatean lortutako akordioak nabarmendu behar dira.

Nabarmendu behar da, halaber, Sare, Etxerat, Bake Artisauak-Bake Bidea edo sindikatuek gai hau gizarte-agendan eta mobilizazio-esparruan mantentzeko egiten duten lan izugarria, baita Covid-19ren testuinguruan ere.

Bigarren fase honi begira, uste dugu badirela gehiengo eta adostasun instituzional, politiko, sindikal eta sozial transbertsal nahikoak konponbiderako fase integral eta behin betiko batean sartzeko.

Urte luzeetako mesfidantza gurutzatuen ondoren, gaur egun, aktoreen artean beharrezko konfiantza-baldintzak sortzen ari dira, behar diren bermeekin aurrera egiten jarraitzeko.

Alde horretatik, “espetxe-politika normalizatua aplikatzeko” dagoen oinarrizko adostasunaz gain, pozten gara bi indar-ideiaren inguruan dagoen adostasunaz. Biak dira funtsezkoak bigarren faseari aurre egiteko konponbide integral eta integratzailearen ikuspegi batetik:

“Presoen arazoa konpontzea bizikidetza demokratikorako ekarpena izango litzateke”

Ez dira “biktimak edo presoak”, “biktimak ETA presoak” baizik.

Foro Sozial Iraunkorra hasieratik lantzen ari den bi ideiak dira, eta zirimiri bezala bustitzen ari dira presoen auzia konpontzeko ardura duten sektoreengan.

Azkenik, aurreikusten ditugun zailtasunak ere aipatu nahiko genituzke. Izan ere, auzi honi behin betiko konponbidea eman aurretik sor daitezkeen arrisku eta oztopoez jabetzen gara.

Gaur egun espetxe-politikaren aldaketa baldintzatzen ez duen arren, lobby bat dago, konponbidearen aurkako agenda duena eta esparru batzuetan eragiteko aukera handia duena, eta bigarren fase hori indar guztiekin baldintzatzen saiatuko da.

Zentzu horretan, Behatokiaren ale monografiko batean ari gara lanean, Audientzia Nazionalean hain ondo txertatuta dagoen lobby honi buruzkoa.

Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan bizikidetza demokratikoa eraikitzeko eta kohesio sozialerako hain garrantzitsua den gai hau politikoki aprobetxatzeko tentazio oro baztertzea espero dugu.

foro.jpg