ETXERAT. Fleury-Merogis espetxeko 1. Dibisioan dauden sei euskal preso politikoek hainbat ekimen burutu dituzte funtzionario baten lekualdatzea lortzeko helburuarekin, haien senideen bitartez Etxerat Elkarteak jakinarazi duenez.
Aipaturiko funtzionarioak joan zen urtarrilaren 19an Iñaki Reta preso elorrioarra kolpatu ondoren hartu dute erabakia bertako euskal preso politikoek. Aurretik, funtzionarioaren jarrera ezagututa, euskal presoekiko mantentzen duen jarrera ezkorra eta hainbat kideek jasandako erasoak direla medio, bere funtzioetan ez aitortzea erabaki zuten Fleuryko euskal preso politikoek. Oraingoan, bisitak amaitzean Iñaki Reta miatu nahi izan zuen. Dibisioko Chef-ari helarazi zion Retak, ez ziola uko egiten miaketari, baizik eta funtzionario horrek miaketa egiteari uko egingo ziola. Eztabaidaren baitan, bera kolpatua izan zela planta eginez, “ne me touche pas” ohiukatu zuen funtzionarioak, Iñaki Retari aurpegian kolpatu bitartean. Funtzionarioaren defentsan, oihuka hasi zen orduan euskal presoaren aurka, komunikazioak blokeatzen ari zela leporatuz.
19an gertatutakoa baino larriagoa da espetxeko arduradunen jarrera, eta neurriak ez baldin badira hartzen, euskal presoen esanetan, gehiegikeria eta tratu txarrak errazten dituen inpunitate eremua sortzeko arriskua dago. Jakina da, aurretik, funtzionarioak Aitor Elizaran, Andoni Goikoetxea, Ibon Goieakoetxea eta Joseba Iturbide erasotu zituela ere. Hori dela eta, euskal preso politikoek behin eta berriro eskatu dute modulotik kanpo bidaltzea. Azken asteetan, aldiz, tentsio eta arazoak areagotu dira funtzionarioaren presentzia ohizkoa bihurtu delako departamenduan.
Gertatutakoa salatuz eta haien eskaerak helarazteko, gutuna bidali zioten Fleuryko zuzendariari joan zen urtarrilaren 23an Iñaki Reta, Tomas Elgorriaga, Andoni Goikoetxea, Mikel Irastorza, Joseba Iturbide eta Jose Javier Oses-ek. Gutun bera halerazi zioten biharamunean Dibisioko Chef-ari. Giza Eskubideen eremuko hainbat eragilei idazkiak bidali dituzte presoek, besteak beste, Le Défenseur des Droits eta Contrôleur général des lieux de privation de liberté. Bestetik, protesta gisa, otsailaren 1etik patiora ateratzean azkenak izaten dira eta Chef-ari gutun bat eman diote haien eskaeraren erantzunaren zain daudela gogoratuz. Asteartetik ostiralera uko egiten diote espetxeko bazkariari eta astelehenetik ostegunera salaketa kartelak jartzen dituzte patioan.
Euskal presoen eskaerei kasu egiteko, Euskal Herriko hainbat herrietan, bai Fleuryko zuzendarirai, zein 1. Dibisioaren Chef-ari modu masiboan gutunak helarazteko deialdia egiten dute.