nagore.png

     Prest! aldizkariak Nagore Mujikari egindako elkarrizketa. Argazkia: Iñigo Azkona

PREST ALDIZKARIA. Urtebete eta erdi inguru darama Etxerat elkartearen koordinatzaile lanetan Bizkaian. Elkarteak Ibarrekolan zabaldu duen egoitzan euskal presoen senideei laguntza, aholkularitza eta babesa eskaintzen die, “bizitzea egokitu zaien egoera traumatiko eta mingarri hori arintzeko asmoz”.

Zer suposatzen da euskal preso baten senide edota lagun izateak?

Argi dago senide bat kartzelan edukitzea oso gogorra dela edonorentzat. Senide hori preso politikoa bada, askoz gogorragoa. Izan ere, preso politikoei sistematikoki aplikatzen zaizkien legeak eta bizitza erregimena askoz latzagoak eta krudelagoak dira, hala beraientzat nola beraien lagun eta senideontzat. Inondik ere, dispertsioa da adibiderik gordinena. Inoiz ez du ez zentzurik ez lege euskarririk izan, gizagabea izan da hasiera-hasieratik, baina orain, ETAk bere erabakia hartu zuenetik ia sei urte igaro direlarik, senideen kontrako xantaia eta mendeku hutsa da. Ez du beste azalpenik. Beste adibide bat preso gaixoak dira. Legearen arabera kalean egon beharko luketen arren, espetxean jarraitzen dute. Bizkaian lau kasu ditugu, oso gogorrak.

Azken urtean euskal presoen egoera, eta ondorioz euren senide eta lagunena, ez da aldatu. Zein da zehazki egoera?

Egoerak okerrera egin du azken urteotan, Espainiako Gobernuak espetxe politika gogortu duelako. Espainiak bere kondenak inposatzen ditu, Europako lege markoak betetzeari uko eginez edo, gobernuak berak aitortu duenez, “ingeniaritza juridikoa” erabiliz. Helburua oso argia da: presoak kartzelan atxikitzea ezarritako kondenek agintzen duten baino denbora luzeagoz. Lehenik, ‘Parot legearen’ bidez saiatu ziren hori egiten, eta lortu egin zuten. Izan ere, Europako Auzitegia lege horren kontra agertu zenerako, hainbat euskal preso politikok zegokien baino 10 urte gehiago eginak zituzten kartzelan. Orain, berriz, gobernuak uko egiten dio hainbat presok dagoeneko beteak dituzten espetxealdi luzeak kontuan hartzeari. Hori ez da justizia egitea, mendekuzko politika baizik. Bestetik, preso gaixo larrien egoera salatu behar da. Gaixotasun larriak pairatu arren espetxean dauden 12 preso ditugu. Zoritxarrez, zerrenda hori handituz joan da azken urteotan. Gaur egun, gainera, publiko egin ez diren beste horrenbeste kasu daude. Preso gaixoen egoera erarik krudelenean erabiltzen dute haien kontra nahiz beraien senideen kontra. Interes politikoak dira pertsona horiek kartzelan atxikitzeko arrazoi bakarra. Izan ere, Espainiako legediak berak dioenez, pertsona horiek kalean egon beharko lukete. Egoera horrek senideen sufrimendua eta ezinegona areagotu besterik ez du egiten.

Zein da Deustualdeko presoen egoera?

Deustualdeko bost preso politiko daude, lau Espainiako estatuan eta bat Frantziako estatuan. Guztiak Euskal Herritik urrun daude, etxetik 600 km-ra gutxienez. Eta bostak lehen graduan daude, horrek dakarren guztiarekin: gutunak kontrolatu eta murrizten dizkiete, komunikazio guztiak grabatzen dizkiete eta astean bi gutun bakarrik idatzi ahal dituzte. Espainiako estatuan, preso sozialek bost minutuko hamar dei egin ahal dituzte astean; euskal presoek, ordea, zortzi besterik ez. Gainera, hain urrun egoteak defentsarako eskubidea zailtzen die. Bost preso horien egoerak sufrimendu erantsia eragiten digu haien lagun eta senideoi, beraiekiko senidetasun eta adiskidetasun loturak eten nahi ez ditugulako, horrek dakartzan ondorio guztiekin. Urte asko dira egoera hori pairatzen dugula, eta urte bakar bat aski da familia oso bat ekonomikoki, fisikoki eta psikologikoki ezegonkortzeko.

Bizkaiko Etxeratek egoitza zabaldu zuen Ibarrekolandan joan den irailean. Zer zerbitzu eskaintzen duzue bertan? 

Etxerat osatzen dugun senideok aspalditik ikusten genuen beharrezkoa zela guretzako espazio bat edukitzea, bertan biltzeko eta gure arazoez hitz egiteko. Kalean bertan egongo zen leku bat behar genuen, gugana hurbildu nahi duen edonorentzat erreferentzia izan dadin. Hau ez da senideon arazoa soilik, gizarte honen parte handi bati eragiten dion arazoa baizik, eta, horregatik, kalean egon behar da. Etxerat-eko senide eta lagunek egindako ekarpenei esker zabaldu ahal izan dugu egoitza, eta laguntzeko prest dauden guztiei esan nahi diet edozein ekarpen oso lagungarria izango litzatekeela guretzat.

Urtarrilaren 14an Bilbon Sare herritarrak deitu zuen manifestazioaren zein balorazio egin du Etxeratek?

Urte hasieran egiten den manifestazio handi hori oso garrantzitsua da Etxerat-entzat, gizartea bera delako kalera ateratzen dena eta ozen aldarrikatzen duena behingoz amaitu behar direla gizarte honen zati handi batek oraindik pairatzen dituen salbuespen politika guztiak: isolamendua, preso gaixo larrien egoera, urruntzea eta sakabanaketa... Guk egunero pairatzen dugu hori guztia, urtez urte, presoen senide eta lagunak izateagatik kondenatu gaituztelako. Horregatik, guretzat hunkigarria da ikustea gizartearentzat ez dela inola ere onargarria egoera hau enkistatzea, mendekuzko eta sufrimenduzko estrategiak normaltzat hartzea eta eskubide urraketen aurrean begiak ixtea. Indarra ematen digu horrek.

Bruselan egon da Etxerat elkartea. Zer lortu da hainbat talde politikoetako ordezkaririekin egindako bilerekin?

Etxerat Europako Parlamentuan izan zen orain dela bi urte ere, eta oraingo bilerak eta elkarrizketak bisita hartan abiatu genituen harremanen barruan kokatzen dira. Orain dela bi urte bezala, oraingoan ere helburu argi batekin joan gara Europara: Espainiako eta Frantziako estatuek egiten dituzten eskubide urraketen inguruko isiltasuna haustea eta urraketa horiek eragiten dituzten ondorio larrien berri ematea. Oraingoan, urraketarik dramatikoenetako bat salatzera joan gara: gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal preso politikoen egoera, hain zuzen ere.

Josetxo Arizkuren euskal presoaren kasua Europako Giza Eskubideen Auzitegira heldu da. Zer emaitza espero duzue?

Josetxok bezala, beste euskal preso politiko askok eskaera bera egin zioten Espetxe Zuzendaritzari, banan-banan: Zaballako espetxera ekartzea, zigorra Euskal Herrian betetzeko. Guzti-guztiek ezezkoa jaso zuten eta helegiteak jarri zituzten Espainiako Auzitegi Nazionalean eta Auzitegi Konstituzionalean. Oraingoz, Josetxoren espedientea da Europara iritsi den lehena. Badakigu aurrekariak daudela. Beste herrialde batzuek salaketak jarri dituzte antzeko kasuengatik, eta Europako Auzitegiak ebatzi du espetxe zigorrak jaioterritik urrun betetzeak oinarrizko eskubideak urratzen dituela, hala nola familiarekiko loturarako eskubidea. Zoritxarrez, tramite horiek izugarri luzatzen dira, eta hori ez da batere lagungarria ez eskaera egiten duten presoentzat ez haien senideentzat, bitartean etxetik ehunka kilometrora jarraitzen baitute.

Duela bost urte ETAk bere ekinbidea utzi zuenetik, eta euskal presoen dispertsioaren amaiera ez da iritsi. Zeintzuk dira zailtasun nagusiak?

Gezurra dirudien arren, zain gaude oraindik. Senideok eta euskal gizartearen parte handi bat espetxe politika noiz aldatuko den zain gaude. Hala ere, gobernuak ez du ezertxo ere aldatu nahi, ez du horretarako borondaterik txikiena ere agertu. Presoak sakabanatzea eta urruntzea erabaki politikoa izan zen eta, hala nahi balute, beste erabaki politiko batekin bihar bertan amaituko lukete egoera horrekin. Zailtasunak eta trabak lehen aipatu dudan horretan guztian aurkitzen ditugu. Asteburu guztietan aurkitzen dituzte errepidea hartu behar izaten duten adingabeek, gazteek, adinekoek eta gaixoek, baita euren osasun egoeraren ondorioz hain bidaia luzeak ezin egin ditzaketen pertsonek ere. Elkarte gisa, kriminalizazio saiakera etengabeak dira gure lana egiteko aurkitzen dugun oztopo nagusia: Etxerat ETAko presoen aldeko elkarte bat dela esaten dute; eskubide urraketak salatzeko egiten ditugun jarduera guztiak ETAko presoen aldeko ekimen gisa aurkezten dituzte.

Zeintzuk dira azken urteetan izan diren aurrerapenak?

Gure senideen eta gure egoerari dagokionez ez da inolako aurrerapenik izan. Babesak? Euskal gizartearen gehiengoaren babesa daukagu. Estatuko zenbait elkartek ere beren elkartasuna erakutsi digute, eta hori ezinbestekoa da ezarri diguten blokeoa hausteko. Instituzioei dagokienez, PP gero eta bakarrago gelditzen ari den arren, faltan sumatzen dugu alderdi politiko batzuen inplikazio zuzenagoa. Esaterako, guk mozioak aurkeztu ditugu hainbat udaletan, eta batzuetan onartuak izan dira, baina beste batzuetan ez. Nolanahi ere, jarraitzen dugu eskatzen sufrimenduaz hitz egiten denean gurea ere kontuan har dadila. Guk ez dugu ukatzen beste biktima batzuek pairatu duten sufrimendua, baina gu ez gaituzte biktima gisa aitortzen, nahiz eta orain arte 16 senide hil diren dispertsioaren ondorioz. Instituzioak ez dira kalera ateratzen edo minutu bateko isilunea egiten beraiengatik edo dispertsioaren ondorioz istripuak izan dituzten ehunka pertsonengatik. 

Dispertsioaren Hegiak egitasmoaren baitan, haurrak eta dispertsioa gaia jorratu du Etxerat-ek. Zertarako balio izan du?

Bi arlotan landu dugu dinamika hori: instituzioetan eta kalean, gizarteari begira. Instituzioei dagokienez, mozioak aurkeztu ditugu hainbat udaletan, dispertsio politikaren aurka ager daitezela eskatuz. Egoera hau aspalditik pairatzen dugunok 'normaltasunez' janzten dugu, hobeto eramateko eta geure burua babesteko. Hala ere, badakigu egoera hau ez dela normala, eta bada garaia ozen esan dezagun Euskal Herrian bizi dugun panorama politiko berri honetan guretzat, zoritxarrez, ez dela ezer aldatu. Horixe da hain zuzen ere dinamika horren helburua: senideon testigantzaren bidez gizartea sentsibilizatzea eta informatzea. Azken batean, zerbait kontatzen ez baduzu, gertatu ez dela ematen du, eta horrexegatik eskaintzen diegu gure testigantza entzun nahi diguten guztiei. Testigantza horiek dispertsioaren ertzak erakusten dituzte, hala nola haurrak eta dispertsioa, adinekoak eta dispertsioa, preso gaixoak eta dispertsioa, eta dispertsioaren biktimen errekonozimendua eta memoria.

Zergatik da Sara Majarenasen kasua hain larria?

Oraingoan, biktima neskato bat izan zen, preso politiko baten alaba. Eraso matxista guztiak berez mingarriak eta onartezinak diren arren, horrelako egoera batean erasoa askoz are larriagoa da, ama espespetxean dagoelako etxetik 640 kilometrora. Sarak ez zuen Picassenten egon behar, ezta kartzelan ere. Bere zigorra bete du eta aspaldi egon behar zuen etxean, alabarekin. Gainera, zenbait komunikabidek oso era lotsagarrian eman dute albistea, gertatutakoari garrantzia kenduz eta amaren militantzia nabarmenduz. Aukera hau baliatuz, Etxerat osatzen dugun senide guztion babesa, elkartasuna eta maitasuna helarazi nahi diet berriz ere Sarari, Izarri eta familia osoari.

Hiru urte daramatza preso isolamendu egoeran Arantza Zulueta. Isolamendu ere indarkeria da?

Jakina. Arantzaren egoera muturrekoa eta legez kontrakoa da. Nazioarteko hainbat erakundek esan dute norbait erabat bakartzea tortura dela. Beraz, Arantzarekin egiten ari direna tortura zuria dela esan daiteke, helburu bakarra bakartutako pertsona psikikoki suntsitzea baita. Arantza Euskal Herritik 1.000 kilometrora dago, eta bakartuta. Bakarrik irteten da patiora, egunean bi orduz besterik ez, eta miaketa zorrotzak egiten dizkiote etengabe. Bakartzea gure senideen kontra sarritan erabili den neurri gogor bat da.