ETXERAT. Aitzol Gogorza, larriki gaixo dagoen preso politikoaren abokatuek Etxerati baieztatu diote gaur bertan behera utzi duela joan zen ostegunean, otsailaren 16an, hasitako gose greba Basauriko espetxean.
Protesta neurri honen bidez espetxetik atera dezaten eskatu du Aitzolek, eta egungo legediak gaixotasun larri eta sendaezinen kasuan adierazten duena bete dadin. Ezin dugu ahaztu gainera, joan zen abuztuan sei eguneko gose greba egin zuela Aitzolek.
2014ko apirilaren 11ko datarekin, Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren (AMEI) txosten baten arabera, Aitzolek eboluzio kronikoa eta ezgaitasunezko Obsesio Konbultsio Desoreka du. Honi lotutako Desoreka Depresiboa ere badu, autolisi arriskuarekin (bere buruaz beste egiteko ideia). Hau dela-eta, larritasunez ospitaleratua izan da hainbat aldiz, azken biak joan zen urtarrilan.
Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten presoen askatasuna ukatzea, dispertsio politikaren baitako salbuespen neurrietako bat da, eta horrekin, presoen osasun eskubidea urratu eta haien senide eta lagunen oinazea areagotzen duela nabarmendu nahi dugu Etxerat Elkartetik.