Jone-Artola

 

ETXERAT. Bilboko Aste Nagusiko Txupinera izendatu zuten Jone Artola 2013an, baina Espainiar Gobernuko delegatu Karlos Urkijok salaketa jarri zuen horregatik. Joan den astean, Bilboko Administrazio Auzitegi batek debekua berretsi zuen. Beste gauzen artean, Joneren Etxerateko bozeramale lanak aipatzen dira helegitean salaketa jartzeko unean. Hori dela-eta, Etxeratek prentsaurrekoa eskaini du Bilbon gaur, Joneren eta Etxeraten kontrako kriminalizazio saiakera salatzeko. Elkartea laguntzen bere ibilbidean zehar bertan bozeramale lanak egin dituzten senideak izan dira, baita Artola bera ere. Galderen txandan, euskal preso politikoen senide izateari zenbaitek "beste kategoria bat"ezartzen diotela adierazi du, eta Sonia Polo, senidea ere, Txupinera izan zenean gutunazal batean bala bat jaso zuela gogorarazi du hunkituta, "senide izate soilagatik".

Bestalde, komunikabideek galdetuta ere, Etxeraten izenean, Urtzi Errazkinek Urkullu lehendakariaren joan den asteburuko adierazpenak salatu ditu "justifikaezinak eta larriak" bezala definituz. Dispertsio politikak "zenbait onura" izan dituela esan zuen. Dispertsioa 800 kilometro zein 400 kilometro bidaiatzea dela adierazi zuen Errazkinek, eta bi kasuetan gure eskubideak urratuak izaten direla bidaiatze hutsagatik. Esandakoekin zer justifikatu nahi duen galdegin dio Etxerateko kideak lehendakariari, politika horrek dagoeneko 16 biktima sortu dituela gogorarazi dio, eta Urkulluk urruntze bezala hartzen ez duen 500 kilometroko radio horretan hamasei horietatik 13, distantzia horretan zehar gertatu direla.

Jarraian duzue Etxeratek irakurritako prentsaurrekoa:

 

Bere garaian Etxeraten bozeramale izandako pertsona ezberdinak laguntzen gaituzte prentsaurreko honetan. Etxerat, berriz ere diogu, euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunok osatzen dugun elkartea da. Prentsaurreko hau, gaur ere gurekin aurkitzen den Jone Artolari elkartasuna adierazteko burutzen dugu, estatu espainiarrak bere aurka ezarri nahi duen betoa salatzeko 2013ko Bilboko Aste Nagusian txupinera izendatua izanagatik. Beste gauzen artean, Etxeraten bozeramale lanak eginagatik. Zerbait egotzi daiteke Etxeraten partaide izate soilagatik? Delitua edo iraingarria al da dispertsio politikaren zama egunero pairatzen duten testigantzei ahotsa jartzea? Delitua al da makina bat hiritarren eskubide urraketengatik aurpegia ematea?


Badakigu helegiteak preso politikoekiko elkartasuna izan duten elkarteak kriminalizatzen dituela. Eta laburpen horretan, Giza Eskubideen alorrean lan egiten duen Etxeraten bozeramailetza lanak gehitzen dira amaiera bezala. Espainiar Gobernuko delegatu Karlos Urkijok eskatuta, Estatu espainiarren abokatutza eta Bilboko Administrazioko 1 Auzitegiari aipagarria iruditzen zaio helegitea berresteko unean Jonek gure elkartean egindako lana, erakunde horiek hain justu bermatu beharko lituzketen eskubideen urraketei aitortza, asistentzia eta testigantza eskaintzen dion elkartea.


Honen larritasunaz ohartu nahi dugu gizartea. Etxerat oinarri juridikoetan aipatzeak, alde batetik guztiz legezkoa eta zilegia den lan bat kriminalizatzea bilatzen du. Eta bestetik, gure elkartearen eta ordezkatzen ditugun pertsona guztien omena galduarazi.


Presoen elkartasun ingurumaria, Jone eta Etxeraten aurkako estrategia honek, agerian uzten du estatu espainiarrak edozein aukera baliatzen duela bere difamazio kanpaina mediatikoarekin jarraitzeko, zeinak gure elkartea “ETAko presoen bermerako elkarte” bezala definitzen du, errelato faltsu horren zerbitzura dauden medioek oraindik ere erreproduzitzen dutena. Etxeraten lan eremua Giza Eskubideen inguruan garatzen da, eta noski, haiei dagozkienean, presoen urraketak gertatzen direlako izaten da, baina baita ere senide edo lagunen urraketak gertatzen direnean, eta hori ezkutatu nahi dute. Etxeraten jarduna publikoa da, euskal gizarte eta osatzen duten erakunde eta eragileen inguruan eratzen da. Ezin dugu ulertu pertsona guztien Giza Eskubideen defentsa zerbait iraingarria bezala hartzea.


Horregatik, horrek bilatzen duen gauza bakarra herri honen elkarbizitza eta bake oinarriak zulatzea dela uste dugu. Etxeratek eta beste organismo batzuek lantzen dituzten oinarriak. Baina guztiaren gainetik, beto horrek euskal preso politikoen senideen aurka egiten du, eurak baitira normalean Etxeraten bozeramale, Joneren kasuan bezala. Dispertsioaren beste biktima bat. Eragiten dituen ehundaka pertsonen duintasunaz gain, euren osasuna, ekonomia, lana, erlazio pertsonalak, erlazio intimoak, familiarrak, atsedena, aisia... kaltetzen dituen neurria. Gure bizitza zailtzen du eta arriskuan jartzen du. 16 alditan, gizartea minez astindu du, euren senideak ikusteagatik bidaiatzen zuten pertsonei bizia lapurtuz. Dispertsio politikak heriotzaren aurretik eta ondoren eragin dituen pertsonak, ez soilik duintasunari. Ahanzturan lurperatu nahi diren biktimak, aitortu gabeko hildako biktimak. Gaur hemen ehundaka biktimen duintasunaz ari gara hizketan: Etxerat osatzen dugunonaz. Dagozkigun eskubideen alde borrokatzen garen pertsonak.