ETXERAT. Euskal gatazka delakoaren esparruan, motibazio ideologikoen ondoriozko delituengatik preso dauden pertsonen gizarteratzearekin lotutako gaiei soluzio integrala emateko asmoz, adostasun zabala eta zeharkakoa sustatu eta lortu nahi dugu.
Adostasun hori, hasiera puntu bezala, Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Foru Erkidegoko gizarte-, politika- eta erakunde-mailan artikulatuko da eta, berau garatu bitartean, aipatu pertsona presoen parte-hartzea izango du.
Euskal gizartearen beharrezko adiskidetzearen esparruan, adostasun horrek, gure ustez, motibazio politikoaren ondoriozko delituengatik preso dauden pertsonen itzulerari buruzko bide-orri bat prestatu, adostu eta ezarri beharko luke. Bide-orriak, emakumeek bai kartzelan baita bergizarteratzeko unean ere aurre egin behar duten desberdintasun egoera modu espezifikoan aztertu beharko du. Bide-orri horrek esku hartzen duten eragile guztientzako jarduteko gida izan beharko luke.
Foro Sozial honek proposatzen du aipatu adostasunak –aurretik esan bezala, euskal erakunde, gizarte eta presoen artean eraiki beharko da− honako printzipio hauek izan behar dituela oinarri:
1.- Funtsezko giza eskubideen kontra edo presoen giza trataeraren kontra doazen eta nazioarteko estandarren aurka egiten duten espetxe-politikaren neurriak bertan behera utzi behar dira. Gure ustetan, premiazko lehen urratsa da hori, eta horrek esan nahi du:
− Gaixo larriak, gaixotasun sendaezina izan edo adin handiko presoak espetxetik lehenbailehen atera ditzatela agintaritza eskudunek.
− Presoak beren familia- eta gizarte-ingurunetik urruntzeari amaiera ematea, beren bizilekuetatik gertuago dauden espetxeetara ekarrita, gizarteratzen laguntzeko loturak indar daitezen. Hortaz, eskumena duten agintariei eskatu behar zaie preso bakoitzak Euskal Autonomia Erkidegoko edo Nafarroako Foru Erkidegoko espetxeetara lekualdatzeko eskaerak onartzea.
− Presoek eskubidea dute beren zigorraren iraupenarekiko itxaropena zein den zehatz jakiteko. Hori dela eta, ezinbestekotzat jotzen dugu zigorra bete duten pertsonak askatzeko unea atzeratzeko joera duten neurri orori amaiera ematea. Zehazki, 7/2014 Lege Organikoaren, azaroaren 12koaren, artikuluak aldatu behar dira, baliogabe uzteko Europar Batasuneko beste Estatu kideetan ebatzitako zigorren ondorioen baliokidetasun-printzipioa, 675/2008/JAI Erabaki Esparruan ezarritakoaren arabera. Hala, Estatu espainiarrean ezingo dira kontuan hartu, zigorrak luzatzeko, Estatu frantsesean ezarri eta betetako zigorrak.
− Epe luzeko zigorrak, biziarteko kartzela-zigorraren berdintsuak dituzten presoen kasuan, zigorrak berrikusteko eskubidea izan behar dute, espetxetik irteteko arrazoizko itxaropen egingarria bermatzeko. Ondorioz, indargabetu egin beharko litzateke, ankerkeriagatik, espetxetik irteteko itxaropena deuseztatzen duen arau oro.
− Ezinbestekoa da motibazio ideologikoaren ondoriozko delituengatik preso dauden euskal herritarren isolamendu eta lehen graduko neurrien aplikazio sistematikoari amaiera ematea.
− Bermatu egin behar da presoen intimitate eta familia-bizitzarako eskubidea, eta komunikazio horiek baldintza egoki eta duinetan garatu behar dira. Ildo horretatik, bisita egiteko eskubidea duten pertsonei mugak ipintzea amaitzea nahi dugu, ahozko zein idatzizko komunikazioen etengabeko kontrola eta euskarari ezartzen zaizkion oztopoak behin betiko amaitzeko. Halaber, pertsona horiei beren seme-alabekin harreman estua izateko aukera eman behar zaiela uste dugu; bereziki, espetxean beraiekin seme-alabak dituzten amen kasuan.
− Hezkuntza jaso eta ikasteko eskubidea murrizketarik gabe ahalbidetu beharko litzateke eta, horretarako, egun jartzen dituzten eragozpenak bertan behera uzteko mekanismoak ezarri behar dira.
2.- Motibazio politikoaren ondoriozko delituengatik preso dauden pertsonen espetxe-salbuespena bertan behera utzi behar da, justizia trantsizionala garatzeko aurretiazko urrats gisa. Desiragarria da arauak gizarteerrealitatera egokitzea eta, ildo horretatik, aurreko legeria arruntera itzultzea funtsezko deritzogu. Horrek honako hiru urrats hauek ematea esan nahi du:
− Motibazio politikoaren ondoriozko delituengatik preso dauden pertsonen gradu-progesio, baimen-emate eta erredentzioak sistematikoki ukatzeko politikari amaiera ematea.
− 7/2003 Lege Organikoak, ekainaren 30ekoak, zigorrak osorik eta modu efektiboan betetzeko neurriei buruzkoak biltzen dituen salbuespenezko neurriak indargabetzea; zehazki, espetxe-onurak, irteteko baimena, hirugarren graduaren sailkapena eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko baldintzei buruzkoak. Aipatu neurriek ezinezko egiten dute zigor askatasun-gabetzaileen gizarteratzeko helburua lortzea. Neurri horiek indargabetu ezean, neurri horiek atzeraeraginez aplikatzea ukatu behar da.
− Aurrekoaren ildotik, baldintzapeko askatasuna lehenbailehen eman behar zaie zigorraren 2/3 edo ¾ bete duten presoei.
− Martxoaren 30eko 1/2005 Lege Organikoak onartutako espetxealdi iraunkor berrikusgarria indargabetu behar da.
− Legeria aldatu behar da, jatorrizko Espetxe Zaintzako Epaitegiari itzultzeko ezarritako zigorraren betetzeari buruzko eskumenak, gerta daitezkeen aldaketei buruzko helegiteak lege eta araudien ezarritakoaren arabera ebatz ditzaten. Epaile horiei dagokie presoen eskubideak babestea eta, horretarako, espetxe-politikaren arauen betetzean gerta daitezkeen gehiegikeriak eta desbideratzeak zuzendu behar dituzte. Egun, eskumen horiek Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak ditu, Auzitegi Nazionalean. Era berean, erabakiei jarritako helegiteak kasuan kasuko Probintzia Auzitegiak ebatzi beharko lituzke.
3.- Euskal Autonomia Erkidegoari eta Nafarroako Foru Erkidegoari transferitu behar zaizkie espetxe alorreko eskumenak, Gernikako Estatutuan eta Foruaren Hobekuntzan ezarritakoa betetzeko. Horrekin batera, presoen gizarteratze-plan bat osatzea proposatzen dugu, goiztiarra eta indibidualizatua. Plan horrek euskal erakundeen adostasuna jaso behar du eta gizarte-eragileek zein preso dauden pertsonek parte hartu behar dute adostasun horretan.
Hori bermatzeko, presoen, euskal herritarren eta erakunde eskudunen arteko harremana erraztu behar da. Plan hori osatzeko, honako oinarri hauek proposatzen ditugu:
1) Egoera politikoa aitortzea; euskal gizartea bortizkeria eta enfrentamendu-egoeratik bake, elkarbizitza eta berradiskidetze-egoerara iragaten ari da eta, horrek, alde guztien esku-hartzea eskatzen du.
2) Biktima guztiek justizia, memoria, aitortza eta erreparaziorako duten eskubidea errespetatu behar da.
3) Presoen honako eskubide hauek betetzen direla bermatu behar da: gizarteratzea eta bake-prozesuan, normalizazioan eta berradiskidetzean parte hartu eta ekarpenak egitea. Horretarako, hirugarren graduak, baldintzapeko askatasun goiztiarrak eta gizarteratzea errazten duten beste neurri mota batzuk aplikatu behar dira.
4) Euskal bake-prozesu, normalizazio eta berradiskidetzearen baitan, motibazio politikoen ondoriozko delituengatik preso dauden pertsonek parte hartu behar dute prozesuan eta, horretarako, sakondu egin behar da bortizkeria-bide ororen gaitzespenean, bide baketsu eta demokratikoen aldeko konpromisoan eta eragindako minaren berariazko aitortzan, berau erreparatzeko borondate modura.
Bere aldetik, Foro Soziala, Harremanetarako Nazioarteko Taldearen laguntzaz, prest agertu da eragile politiko eta sozialek behar dituzten esparruak ahalbidetzeko, bide-orri egingarri bat abiarazteko aukera emango duen oinarrizko adostasuna lortzeko, ez oso epe luzera.
Donostian, 2017ko martxoaren 10ean