ETXERAT. Ireki dinamikak eta Sarek datorren ekainaren 17an euskal preso eta iheslariak etxerako bidean jartzeko eta haien eskubideen alde deituriko mobilizazioetan parte hartzeko deialdia egin nahi du Etxerat Elkarteak.
Zehazki, euskal preso eta iheslariak etxerako bidean jartzeko asmoarekin, langile munduak eragite gaitasuna beste behin ere erakutsiz, lantokiz-lantoki milaka sinadura batu dituzte Ireki dinamikaren baitan eta horren harira, Andra Mari Zuritik 12:30etan manifestazioa burutuko. Mobilizazioa bukatzean antolatutako ekitaldian Etxerateko ordezkaritza bat bertan izango da.
Arratsaldez, Sarek deituta, Donostiara aldatuko da lekukoa. Euskal presoen eskubideen alde mobilizatzera deia du Sarek. San Telmo plazan hasiko da ekimena 16:15etan, Ibon Iparragirreren egoera larria salatuz eta gaixo dauden presoak askatzeko elkarretaratze batekin. Horren ondoren, martxa tematiko formatuarekin hainbat ekitaldi antolatu dituzte.
Berriro ere, Euskal Herrian itxaropenez irekitako aro berri honetan, non euskal gizarteak bake prozesua eta gatazkaren konponbidearen gidaritza eramango duen amaiera arte, beste behin ere dei egiten diegu instituzio eta eragile politiko, sindikal eta sozialei urrunketaren amaieraren alde eta larri gaixo diren euskal presoen askatasuna gauzatzeko urrats irmo bat eman dezaten. Preso eta iheslariak etxerako bidean jartzeko helburuarekin, senide eta lagunen sufrimendu eta zigorrarekin amaitzeko xedearekin, garrantzitsutzat jotzen ditugu datorren larunbatean abiatuko diren mobilizazioak. Ezberdinen arteko akordioekin lortuko dugu. Denon artean lortuko dugu!
ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU!