gerni.jpg

ETXERAT (2022-I-9). Urte berriarekin, hiru egunetan jarraian, Xanti Iparragirre Perurena (88 urte), Tibur Elezkano Barrenetxea (91 urte) eta Mertxe Romano Catalán (79 urte); euskal preso politikoen senide, aita eta ama zirenak hil direla jakin dugu. Etxerateko komunitatetik, euskal preso, iheslari eta deportatuen senide garen aldetik, gure harrotasuna adierazi nahi dugu haiek ezagutu ditugulako eta gure esker ona partekatutako maitasun guztiagatik.

Era berean, gure elkartasunik beroena adierazi nahi dugu, eta bihotzetik besarkada maitekorra bidaltzen diegu Marixol Iparragirre, Iñaki Krutxaga eta Iñigo Zapiraini; Zaballako, Leongo eta El Duesoko ziegetara.

Zoritxarrez, herri honetako preso, iheslari eta deportatu politikoen zerrenda amaigabea da oraindik. Dagoeneko lau hamarkada baino gehiago dira euskal errepresaliatu politikoen eta, beraz, haien senideen aurkako zigorrak ezartzen dituztela. Duela hiru hamarkada baino gehiagotik aplikatu den salbuespenak, urrunketak eta sakabanaketak eragin ditu, hainbat eta hainbat gurasok familia-loturari eusteko jasan duten xantaiaren ondorioz, joan-etorri luzeak egin behar izatea seme-alabekin minutu gutxi batzuk egon ahal izateko.

Xanti, Tibur eta Mertxe dira haien seme-alabei agur esaterik izan ez duten hainbat eta hainbat senideetako hiru; salbuespenari mendeku logikan eusteagatik, euskal presoei zigorrak luzatzeagatik eta beste preso batzuei onartzen zaien espetxe ibilbidea egitea eragozteko euskal presoekiko mantentzen den blokeoagatik.

Bultzatzen jarraitu behar dugu, atzo Euskal Herriko kaleetan egin dugun bezala, preso guztiak berehala Euskal Herrira ekar ditzaten eta aske ateratzen has daitezen, haietako askori dagokien bezala, hainbeste sufritu duten senideen ondoan egoteko eta herri honetan behin betiko konponbideari eta bizikidetzari laguntzeko. Eta, jakina, Xanti, Tibur eta Mertxeri, baita utzi gaituzten familiar guztiei ere, bakoitzari musu bana bidaltzen dizuegu, inoiz ahaztuko ez zaituztegula erakusteko.

Maite zaituztegu!

Etxerat