ETXERATDispertsio politikarem amaiera eskatzeko, euskal preso eta iheslari politikoak behingoz etxean eta bizirik nahi ditugulako, aurten ere, Euskal Herriko hondartza ezberdinetan kontzentratuko garela iragarri nahi dugu.

Beste behin, urtero bezala, Euskal Herriko hondartzetan kontzentratuko da Etxerat salbuespeneko kartzela politika baten ondorioak salatzeko. Dispertsioa, pairatzen dugun salbuespeneko politika hau, ia hiru hamarkada dituen anomalia bat da. Normaltasunez hartua izatea onartu ezin dugun anomalia bat, euskal gizarteak ezin duelako normaltasunean bizi. Ehundaka familien gainean, milaka pertsonen gainean, egunez egun, dispertsioaren ondorioen zama erortzen delako: oinazea eta mina.

Gure borondatez egiten ez ditugun bidai batzuetan gure bizitza arriskuan jartzen dugu azkenengo hiru hamarkadetan. Adinduak diren gure senideak nekatuta eta azkenean gaixoturik ikusten ditugu milaka orduko eta milaka kilometro kotxe edo autobus baten eserlekuan igarotzeagatik. Adingabekoak ikusten ditugu, urduri eta nekatuak, euren jolas edo ikasketa orduak galtzen dituzte, haurtzaroko orduak, arrazoi beragatik. Bidai amaigabeetako asteburuak ikusten ditugu bata bestearen jarraian, gure osasun fisiko eta psikikoa zein gure ekonomia nola higatzen den ikusten dugu. 16 hildako ikusten ditugu.

Euskal gizarteak dispertsioa eta urrunketarekin behingoz bukatzea eskatzen du. Eta testuinguru honetan oso nabaria da azken urtean izandako aldaketa. Hor dugu alderdi, sindikatu eta sozialekin gaixo dauden presoak askatzeko eta euskal presoak Euskal Herritik gertu dauden espetxeetara ekartzeko lantzen ari garen Akordio Soziala. Baita euskal preso eta iheslariak etxerako bidean jartzeko lan eremuan Ireki dinamikak lortutako 80.000 sinadurak, ondoren Foro Sozialak nafar eta Gasteizko Parlamentuetan entregatu dituenak. Aipatu beharra dago baita ere Euskal Herriko instituzio dezberdinetan urrunketarekin bukatzeko eta preso gaixoak askatzeko onartutako ekimen desberdinak.

Baina bitartean, oraingoz, euskal gizartea ez da normaltasunean bizi zeren dispertsio politikaren arduradunek eskubide hori debekatu diote eta mendekuan oinarritzen den politika abian mantentzen dute. Uda honetan ere presoen senide eta gertukoek ez dute oporrik izan, espetxeetako bidaiak egitera murgilduta daude oraingoz. Horregatik, mobilizazioa ezinbestekoa da eta horregatik hain justu hondartzetan izango gara datorren astean: beste behin, isilarazitako egoera bati ahotsa eman nahi diogu, eskubideak urratzen dituen politika baten jaiotzatik sortzen den egoera bat, eta bere helburu bakartzat, oinazea betikotzea duena.

Dei bat egiten diegu hemendik euskal herritar guztiei, abuztuaren 6an, hurrengo hondartzetan izan daitezen gurekin:

-Lapurdin: Hendaian 12:00etan

-Gipuzkoan: Deba, Zarautz, Orio eta Donostian, eguerdiko 12:00etan; Mutrikun 12:30etan.

-Bizkaian: Laida, Laga, Lekeitio, Ondarroa eta Muskizen 12:00etan; Bakion 12:30etan; eta Ean eta Laidatxun (Mundakan) 13:00etan. Eta bezperan, abuztuak 5, Gorliz-Plentzian 12:30etan.

ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DITUGU. DISPERTSIOA STOP!

urtzi.jpg