Dispertsioak eragindako 16 senide hildakoen aitortza bilatuko du elkarteak Eusko Legebiltzarrean. Iruñeako Udalean, ostera, dispertsioaren aurkako mozioa aurkeztuko du.

 

Kartela

 

ETXERAT. Eusko Legebiltzarrean hartuko du parte Etxeratek gaur, asteazkena, 17:30etan, Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean izandako legez kontrako errepresio-egoeretan Giza Eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta ordaina emateko legearen proiektuaren baitan. Euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunen elkarteak, zio politikoa duen salbuespeneko politika batek sortutako biktimen aitortzaren alde lan egiten du, eta bere ondorio zuzenak euskal presoen senide eta lagunen gain erortzen dira, dagoeneko 16 hildako sortuz.

Bestetik, Iruñeako Udalean eta Etxeratek proposatuta, dispertsioaren aurkako mozio bat aurkeztuko da. Nafar hiriburuko herritar bat Iruñeako preso bat ikustera joandakoan izandako istripuan du jatorria mozioak. Elkarteak Udalaren jarrera hartzea eskatzen du egungo kartzela politikaren ondorio ikusgarriena den horren inguruan.

Elkarteko bozeramaile batek eta hildako biktima baten senideak hartuko dute parte gaur Eusko Legebiltzarrean lekukotza zuzena eta dispertsioaren biktimen elkartea den Etxeraten iritzia plazaratzeko.

Iruñeako Udalean, Etxerateko beste bozeramale batek azalduko ditu bihar aurkeztuko den mozioaren arrazoiak. Hori dela-eta, Etxeratek kontzentrazio bat deitu du data berean Udaletxeko enparantzan, 18:30etan.

Etxeraten iritziz, euskal presoen urruntze unibertsal eta sistematikoak ondorio fisiko, psikiko, eta ekonomiko larriak dituen zigorra ezartzen die haien senide eta lagunei. Urruntze horrek sortutako 16 heriotzei, istripua izandako ehundaka senide gehitu behar zaie, baita milaka hiritarrek pairatzen duten arrisku inposatuak sorrarazitako kalte fisiko eta psikikoak, zein murrizketa ekonomikoa.

Elkartearentzat, dispertsioak ez dio kartzela arrazoiei erantzuten, baizik eta helburu politikoei. Bere ondorioak aztertuak izan behar dira, eta hildako biktimek ere begirune hori izan behar dute, baita memorian dagokien leku hori topatu errekonozimendu eta erreparazioaren baitan.