• Donostia Ospitalean ingresatua egon zen 4 egunez
  • Etxeratek gaixotasunak dituzten presoei 92.artikulua ezartzea eskatzen du

GASTEIZ.  Rego Vidal euskal preso politikoak garuneko isuria izan zuen pasa den otsailaren 23an. 75 urteko preso donostiarra, duela 2 urte eta erditik hona etxean preso zigorra betetzen ari da bihotzeko gaixotasun larria dela eta. Rego Vidalek 4 egun eman ditu Donostia Ospitalean ingresatua. Donostiako preso politikoari botika eta erabateko atsedena hartzeko agindu dute medikuek.

Etxean preso

Juan Jose Regoren egoera bereziki larria da. 1939an jaio zen preso gaixoa, 2012.urtetik darama zigorra etxean betetzen, kontrol neurri zorrotz eta ordutegi berezien pean. Egun, goizeko 10.00etatik 15.00tara soilik atera daiteke etxetik. Asteartero Martuteneko espetxera sinatzera joan beharra du, non hankan lotuta daraman kontrol-gailua berrikusten dioten.

Etxeratek Estatu Espainolak preso gaixoen egoeraren aurrean beraien eskubideen urraketa erabatekoa ozen salatu nahi du. Preso mantentzen baititu, hain oinarrizkoa den Osasun eskubidea gainetik pasatuz.
Azken gertakaria preso gaixoen urraketara horren adierazle besterik ez da, gaixotasun larri edo sendaezina izatearen ondorioz beraien askatasuna eskatzen duen 92.artikulua ez baitzaie legez aplikatzen.


Ibon Iparragirre, atxilotua

Rego Vidalen kasuan bezala, Ibon Iparragirre ondarrutarra, etxean preso aurkitzen da gaixotasun larria dela medio.Etxeratek gaur goizean Ibon Iparragirreren etxean eman den atxiloketa baieztatzen du. Atxiloketa Ertzaintzaren eskutik eman da, Auzitegi Nazionalaren agindua jarraituz, Auzitegi Gorenak emandako sententziaren berrespenagatik. Etxeratek Iparragirreren osasun egoeran aldaketarik egon ez dela azpimarratu nahi du. Iparragirre zigorra etxean betetzen ari zen eta larriki gaixorik jarraitzen du. Rego Vidal eta beste hainbat preso gaixoen kasuetan bezalaxe, Etxerat elkarteak 92.artikuluaren aplikazioa halabeharrezkoa dela deritzo.