ETXERAT. Ekainaren 3an preso politiko hernaniarra den Asier Ormazabal Teruelgo espetxean bisitatu ondoren bi lagunek auto istripu larria jasan zutela eta, Hernaniko Udalbatzak dispertsio politikaren eta urruntzearen berehalako desaktibazioa eskatu du aho batez (EAJ, EH Bildu, Orain Hernani eta PSE-EEren bozkekin).
Hernaniko Udalbatzak Asier Ormazabal bisitatu ondoren istripu larria jasan duten lagunei euren kezka azaldu die. Pertsona guztien giza eskubideak errespetatzea exijitu du, dispertsioa eta urruntasunak presoen senideak kaltetu eta oinaze gehitu batera zigortzen baititu.
Udalbatzak, halaber, dispertsio politikarekin amaitzeko eskaera Espainiako Gobernuari eta baita gizarteari helaraziko diela onartu du. Hernaniko Udalbatzak sakabanaketa politikak egun inongo zentzurik duen eskubide urraketa bat dela azpimarratzen du. Politika horrek zuzen eragiten baitie senide eta lagunei, beharrezkoa ez den zigor bat erantsiz.
Dispertsio politika indarrean mantentzeagatik, aurten 6 istripu izan direla gaineratu du Hernaniko Udalbatzak. Hori dela eta, Hernaniko Udalbatzak datorren asteazkena, hilak 21, Hernaniko Senideek istripua salatzeko deitutako elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatuko du, arratsaldeko 20:00etan Gudari Plazan.