ETXERAT. Joan den larunbatean dispertsio politikak eragindako 2016ko hirugarren istripua jazo zen. Algortako bi lagunek kotxearen kontrola galdu zuten eta kolpearen ondorioz, autoa erabat kaltetu eta bidaiarietako batek asistentzia medikoa behar izan zuen hurrengo egunean. Dispertsioak ehundaka istripu sorrarazten jarraitzen du, eta guztiak dira larriak, amaiera okerragoa izan dezaketelako edozein unetan. Haatik, ezbeharrean amaitutako istripu orok ondorio larriak ditu ere, bai ekonomikoki zein psikologikoki, eta kasu askotan fisikoki ere. Istripu horren zergatiak salatu ditu Etxeratek gaur Bilbon eginiko prentsaurrekoan, istripua izan zuten bi lagunekin batera. Jarraian duzue irakurritako testua.
Joan den maiatzaren 14an, larunbata, Arkaitz Goikoetxearen bi lagunek istripua izan zuten Burgos inguruan, Valdemorotik bueltan zetozela, Madriletik, Goikoetxea bisitatzetik. Honekin hiru dira aurten euskal presoen senide eta lagunek jasandako istripuak.
Bolantearen aurreko ordu luzeetako nekea, ordu zehatz batean iritsi edo bisita galtzeko urduritasuna, espetxe aurreko itxarote luze eta derrigortua, eta tentsioa, ekidin ezin ditugun arrisku faktoreak dira. Kasu honetan, eta momentu zehatz batean, gidariak kotxearen kontrola galdu zuen, zeinak behin baino gehiagotan errepideko erdibitzailea jo zuen, lehendabizi aurreko gurpil bat leherraraziz, eta ondoren atzekoa. Bi bidaiariek taxian jarraitu behar izan zuten ibilbidea, eta hasiera batean zauri larriak ez zituztela zirudien arren, hurrengo egunean bietako batek arreta medikoa behar izan zuen, zuen mina zela-eta.
Baina ez gaude hemen istripu bat nola gertatu den azaltzeko, istripu hori sortu duten zergatiak salatzeko baizik.
Hil honetan 27 urte bete dira euskal preso politikoen kolektiboari dispertsio politika era sistematiko eta orokorrean ezarri zitzaionetik. Beste era batera esango dugu: PSOEren gobernuak, EAJ eta PPren bermearekin besteen artean, presoak euren familia eta erlazio ingurumariaren bidez estutzea erabaki zuenetik. Inork ez du zalantzan jartzen dagoeneko, are gutxiago dispertsio politika deuseztatzea erabat ukatzen dutenek, presoen urruntzeak eta bere ondorio fisiko, psikiko eta ekonomiko guztiak gure gain, senide eta lagunongan erortzen direla. Arrisku saihestezina, aipatu dugun bezala, ondorio horietariko bat da. Bidaiatzeko obligazioa inposatu digute, eta horrez gain, arrisku baldintzetan egitea inposatu digute. Bisita ordutegiak eta bidaiatu behar ditugun distantziek, ez diete lekurik uzten bolantearen aurreko gutxieneko segurtasun neurriei. Emaitza, istripuak izan dituzten ehundaka senide dira, eta 16 hildako. Salbuespeneko kartzela politika baten 16 biktima. Aitortu gabeko 16 biktima.
27 urte hauetan zehar, gure egoeraren inguruan hitz egin dugu alderdi politiko, sindikatu, gizarte alor, instituzio, eta abarrekin. Eta esan behar dugu dispertsio politikaren mantentzean tematzen den alderdi bakar bat bera ere, ez dela sekula harritu gure osasun fisiko eta psikikoan, ekonomian, bizitzetan eta beraz eskubideetan, dispertsioak duen irismena ezagutzerakoan. Aitzitik, oso prest izan dute euren ordain eta konpentsazio zerrenda. Nabarmenki, ez dute inoiz bakeaz hitz egin. Egun, dispertsio politikaren aktibaziotik ia hiru hamarkaden ondoren, ezarri diguten papera zein den gogorarazten jarraitzen digute, gure oinazeak bete behar duen papera. Horregatik dakigu istripu berri hau, aurreko guztiak bezala, euren aurrekontuetan sartzen zela.
Gureetan ordea, ez da sartzen pasibotasuna gure osasun, bizitza eta familia eskubideak urratzen dituzten egoeren aurrean. Gaur bezala, gure egoera salatzen jarraituko dugu gizartearen aurrean; eta eszenatoki berri bat bilatzen duen euskal gizartearekin, eragile eta instituzioekin batera, pertsona guztien eskubideen alde lanean jarraituko dugu, bakearengatik, salbuespeneko politiken iraunkortasun eta immobilismoarengatik galtzaile nagusia azken hau.