ETXERAT. Dispertsioaren kontra aurkeztutako helegiteek jaso duten ezezkoa dela-eta prentsaurreko masiboa eskaini du Etxeratek gaur goizean Donostiako Probintzia epaitegiaren aurrean. Jarraian irakurri dezakezue Patrizia Belez eta Urtzi Errazkin elkarteko bozeramaleek irakurritako testua.
Pasa den urriaren 29an, gure senide presoetako hogeik aurkeztutako helegitearen inguruko bere ebazpena eman zuen ezagutzera Audientzia Nazionalak. Zaila da defentsa legalik ez duen egoera bat justifikatzeko ebazpen horretan biltzen diren burugabekeriak ordenatzea, baina argiak izaten saiatu gara:
Aurrena: ezarritako kartzela zigorra euren etxetik ahalik eta hurbilen betetzea presoaren eskubideen artean sartzen da, eta horrela jasotzen dute nazioarteko zuzenbidearen arauek. Estatu kide izanik, estatu espainiarra hauek jarraitzera behartuta dago.
Bigarren: dispertsio politikak diseinu zehatz bat du. Ez datza kartzela ezberdinetan gure senideak era soil batean banatu eta bereiztean: une honetan dauden 420 preso politikoetatik, 22 soilik 400 kilometro baino gutxiagora aurkitzen dira, 700 kilometro baino gehiagora 330 kontzentratzen diren bitartean. Urrutien dauden kartzelek hartzen dute preso kopuru handiena : 28 Puerto de Santa Marian, 16 Murtzian, 13 Granadan...hurbilago diren El Dueso, Logroño, Burgos, etab. –etan 2 eta 4 preso artean dauden bitartean.
Hirugarren: errugabetasun presuntzioarekiko begirunea ere ez da Espainiako gobernuaren ezaugarrietako bat, eta dispertsioak berdin-berdin eragiten die prebentibo zein zigortutako presoei. Hau da, kartzelako egonaldi osoak irauten duen bitartean aplikatzen da dispertsioa, egonaldi hori hilabete batzuetakoa edo urteetakoa izan gorabehera, presoa zigortua ala azkenera absolbitua izanda.
Laugarren: guzti honek argi eta garbi uzten du agerian zigor operazio baten aurrean gaudela. Hau xantaia operazio bat ere badela, hori ondorioztatzen baita Espainiako Barne Ministroaren etengabeko adierazpenetatik: dispertsioa ETA desegiten denean amaituko da. Eta zigor eta xantai operazio horren zein bere ondorioen hartzaileak gu gara, presoak bezainbeste. Gu geu: haien senide, lagun eta hurbilekoak. Presoaren ingurumaria afektibo guztiak eta familiek pairatu behar ditugu sufritzera derrigortzen gaituzten higadura fisiko, psikiko eta ekonomikoaren ondorioak.
Honaino ukaezina dena. Audientzia Nazionala auto honekin bermatzera datorrena hurrengoa da: gu zein gure senideak, inongo epaimahaiak ebatzi ez duen zigorra betetzen gaude. Esan gabe doa, hori oso larria dela. Hortik datoz defentsa legalik ez duen zerbait bultzatzeko magistratuen malabarismoak, eskubideak urratzen dituen egoera bat justifikatu eta bere zorigaiztokoenetako ondorio bat saihesteko jarrera: 16 heriotza ez ezik, 16 heriotza horien ardura.
Nola uka dezake epaimahaiak, urrunketak gure komunikazio eta bisita eskubidea urratzen ez duela denbora tarte bakar batekoak bakarrik zenbatuz? Non zenbatzen du bisita eskubide horrek gure osasun eta ekonomian duen eragina? Zer esango die euren famili kideak bisita istripu batean galdu dituen presoei? Ezer ere ez, noski. Biktima horiek ez direlako kontuan hartzen, ez dira existitzen. Mina bilatzen da, ardura saihestu. Eta hau ezin dugu onartu: berriz ere gerta ez dadin, ezin dugu onartu. 16 biktima horiek aitortuak izan behar dira.
Zigor gehitua eta xantaia sustatzen jarraitzeko, nola erori daiteke goi epaimahai bat, egoera hau arrazoitzen saiatzeko salaketa hain larrien erabilpenean? Presoaren gizarteratzea ez oztopatzeko, nola hitz egin dezake familiaren urruntasunaren komenigarritasunaz?
Nola defenda daiteke era sistematiko eta orokorrean ezartzen den neurri bat ustezko trataera indibidualizatu baten izenean?
Presoak bizitza osoan zehar kartzelan mantentzeko ingeniaritza juridikoetatik, dispertsioaren zigor eta xantaia mantentzeko malabarismo juridikoetara igaro gara. Eta malabarismo horien 19 orrietatik, betidanik jakin eta susmatu dugunera iritsi gara: erabakia ez da auzitegiena, gobernuarena baizik. Erabakia, beste hitz batzuetan, ez da oinarrizko eskubideei eragiten dien ala ez, interes politikorik duen ala ez, baizik. Eta dispertsio politikarekin zigor gehitu bezala jarraitzeko erabaki hau, oinaze eta xantaiarekin jarraitzeko erabaki hau, espainiar estatuko gobernuak bake alorrean eskaini ahal digun guztia da.
Bakoitzak epaitu dezala egoera.