ETXERAT (2021-IX-17). 7/2003 Legeak barne hartzen duen biziarteko ezkutuko espetxe zigorraren aurka Sarek bihar larunbata, irailak 18, deituriko mobilizazioetan parte hartuko dugu eta parte hartzeko gonbidapena egiten diegu herritarrei.
Etxerat elkartetik behin eta berriro aldarrikatu dugu bizitza aske bat izateko gure senitartekoek egin behar duten bidea eragozten dituzten salbuespenezko neurriei, besteak beste aipatutako 7/2003 hura, amaiera emateko garaia dela.
- Euskal preso guztiak Euskal Herriko espetxeetan egon behar dira. EAE eta Nafarroako espetxeetan modulu hutsak daude eta.
- 27 erbesteratuen eta 8 deportatu politikoen itzulera erraztu behar da.
- Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten 19 presoak berehala aske utzi behar dituzte.
- Horretaz gain, 65 urtetik gorako 17 preso daude. Hauek guztiak ere kalera atera behar dira.
- Espainian dauden 50 presori baino gehiagori ez zaie Frantzian egindako kondenaren denbora zenbatu.
- Aurten, kondenaren hiru laurdenak bete dituzten presoen kopurua 60 izango da, eta espetxea uzteko eskubidea dute.
- Bestetik, zigorrak berrikusteko mekanismoak behar dira Espainian 7/2003-arekin kondenatuta dauden 60 presoentzat (biziartekoa ezkutuan).
Salbuespen neurri guztiak bertan behera geratzea ezinbestekoa da elkarbizitza zintzoki eraikitzeko. Nahikoa da euskal presoak egiten ari diren espetxe-ibilbide juridikoari galga jartzea. Eskubidea dute, izan ere, euskal preso askok baldintzak betetzen dituzte kalean egoteko.
Salbuespen politika stop!
Etxean eta bizirik nahi ditugu!