ETXERAT (2021-XI-30). Txalotu egiten dugu eta oso modu positiboan baloratzen dugu euskal preso politikoen kolektiboak helarazten digun erabakia; aske ateratzen diren presoei ongietorriak modu pribatu eta diskretuan egitea, alegia.
Azpimarratu nahi dugu gure senide presoen erabakia, indarkeriak eragindako sufrimendua aitortzeko ekarpen argia dela, eta baita ere, zauriak sendatzen jarraitzeko ekarpena.
Etxeraten ustez, euskal presoek banaka eta taldeka bizikidetzari eta bakeari egiten dioten ekarpen horrek erabateko sintonia erakusten du euskal gizarteak nahi duenarekin, eta, beraz, uste dugu, euskal gizartearen nahiarekin bat etorriz ere, Espainiako eta Frantziako estatuek era berean eta maila guztietan amaitu behar dutela salbuespen politikarekin, askatasuna helburu izanik, euskal presoek haien ibilbide juridiko-penitentziarioarekin jarraitu ahal izan dezaten.