Etxeratek 2014. urteko lehen sei hilabeteetan espetxeetan eta espetxetik kanpo emandako gertaera nagusien balantzea egin du.
Urte hasieran Etxeratek egindako agerraldi publiko batean, 2013. urteko balantzea egin eta espetxe politikak okerrera egin zuela adierazi genuen. Handik sei hilabetera zoritxarrez ezin dugu bestelakorik esan. Gure senide euskal preso politikoen egoerak okerrera egiten jarraitzen du, eta baita gureak ere. Euskal preso politikoen kasuan, egunerokotasunean espetxeetako bizi baldintzen gogortze bat nabari da. Ez hori bakarrik, albiste ona presoen zenbakiaren gutxitzea den bitartean, azpimarratu beharreko albiste txarra, presoak geroz eta urrutiago daudela da. Honi guztiari, Arkaitz Bellon euskal preso politikoaren heriotza gehitu behar zaio. Andaluzian dispertsatua, etxetik 1000 bat kilometrotara eta irtetzeko hilabete gutxi batzuk besterik falta ez zitzaizkionean. Gure senideek pairatzen duten krudelkerien adibiderik lazgarriena.
Senide eta lagunoi dagokigunean, sakabanaketak indarrean jarraitzen du eta, bisitetan hainbat oztopo izaten jarraitzen dugu. Hau da, baldintzen okertzea nabaria da. Eta hau baieztatu ahal izateko hainbat datu ditugu.
Sei hilabeteko honen albisterik onena iheslariek emandako aurrerapauso irmoa da. Urteetako ihesaren ostean eta aurreko urteko ekainean egindako adierazpenari jarraiki, batzuk, etxera bueltatzen hasi direlako.
Dispertsioa da gure egoeraren adierazle nagusia. 1987an euskal preso politikoen kolektiboari sakabanaketa ezartzen hasi zitzaionetik, gure senide eta lagunak Espainia nahiz Frantziako hainbat espetxetan sakabanatuak izan dira. Beraien artean guztiz bereiztuz eta bakartuz. Egun ere, 472 euskal preso politiko osatzen dute euskal preso politikoen kolektiboa, 76 espetxetan sakabanatuta dago.
Urteko lehen sei hilabete hauetan ez da inongo Euskal Herriratzerik izan, eta une honetan Euskal Herriko espetxeetan 5 preso aurkitzen dira. Bakarrik. 472 preso, 5 Euskal Herrian.
Senideok 25 urte baino gehiago daramatzagu errepideetan. Astebururo milaka kilometro egiten. 25 urte hauetan 16 hildako eragin ditu dispertsioak. Baina aurten, dispertsioak, momentuz, 8 istripu eragin ditu. Hau da, hogeita bost egunetik behin istripu bat eragin du dispertsioak 2014 urtean.
Dispertsioak, bakartzea, isolamendua, bidaiak eta istripuen sinonimoa da. Baina dispertsioak ere, presoen etengabeko leku aldatzea suposatzen du. Espetxe batetik bestera. Horrelako 64 espetxe aldaketa jazo ditugu ere, aurten. Eta esan bezala, bat ere ez EZ dute Euskal Herrira ekarri. 64 espetxe aldatze. Zero euskal Herriratu. Ez hori bakarrik, 13 euskal herritar isolamendu egoeran dauzkate gainera. 472 euskal preso politikoetatik 35ek 20 urte baino gehiago daramatzate preso. Naziarteko Erakundeek 20 urte jartzen badute ere muga bezala pertsonaren suntsiketa emateko.
Senideok gainera, gastu ekonomikoa eta alor fisiko zein psikologikoan dispertsioak duen eragina pairatzeaz gain, indar polizialen jazarpena pairatu behar izan dugu. Jarraipenak edota kontrolak senide izateagatik. Horela, Guardia Zibilak, Lopidanan, Maitzaren 23an eginikoa salatu nahi dugu bereziki. Andaluziara, euskal herritik 1000 kilometrotara zihoan autobusari kontrol berezia egin zion. Gasteizko industrialdera desbideratu zuen eta bertan, gazte bati,galdeketa egin zioten gainera. Noiz arte jasan behar ditugu horrelako egoerak?
Gure eskubideak, baita gure senideenak ere egunero urratzen dira. Baina bereziki latza da osasun eskubideari dagokiona. Urtarrila atxiloketa eta debekuek markatu bazuten, otsaila beltzez tintatu zen Arkaitz Bellon euskal preso politikoaren heriotzarekin. Aste gutxi falta zitzaizkion espetxetik atera eta askatasuna berreskuratzeko. Giza Eskubideak urratzen dituen espetxe politika honen ondorio izan zen Arkaitz Bellonen heriotza; sufrimendua sortzen jarraitzen duen espetxe politikaren ondorio zuzena.
Osasun eskubidea etengabe urratua dela larriki gaixo dauden presoen aferarekin ikusten da. Egoera hain larria izanik, Etxeratek, maiatzean, alarma gorria pizteko erabakia hartu zuen. Publikoki, larriki gaixo dauden preso hauek espetxean mantentzeko dagoen erabakia salatu zuen, mina eta sufrimendua zabaltzeko dagoen erabakiaren aurka egin zuen.
Erabaki politiko bat dago honen guztiaren atzean. Mina eta samina luzatzeko erabaki politikoa. Datuak begiratzea besterik ez dago honen berri izateko. 2008 eta 2011 urteen artean 12 izan ziren espetxeratze arindua lortu zuten euskal preso politikoak. Espetxeratze arindua gaixo zeudelako; larriki gaixo zeudelako eta euren gaixotasuna erarik duienean bizitzeko kalean egoteko eskubidea dutelako.
2011 - 2014 urteen artean erabaki politiko bat hartu dela nabaria da. Bake prozesua zein ETAren su etenaren erabakiaren ostean, egoerak okerrera egin du. Larriki gaixo dauden euskal preso politikoek ez dute, ordutik, espetxe arindua lortzeko inongo aukerarik. 14 izan dira 2011 urtetik tramitatu diren askatasunak eta bakarra izan da onartua.
Eskubide urraketak eta.. erasoak. Bizi baldintza gogorrak jasan behar izaten dituzte espetxean, eta horrez gain, funtzionarioen aldetik jasan behar izaten dituzte irainak, probokazioak eta erasoak ugariak izaten dira. Jarrera oldarkorrak eta bortitzak jasan behar izaten dituzte, tentsio une handiak bizi dituzte, eta zenbait kasutan jarrera hauek presoek jasaten dituzten eraso fisikoetan islatzen dira . 4 preso jipoituak izan dira. Horietako bi, gainera, Parisko Justizia Jauregian. Eraso basatia gainera, Raul Adunak pairatutakoa; konortea galdu arte kolpatu baitzuten, apenas ezer gogoratzen ez duelarik. Eta egoera gogor hauek guztiak salatzeko, era askotako borrokaldiak aurrera eraman dituzte gure senideek. Balantzean, lau aipatu ditugu baina espetxez espetxe askoz gehiago izan dira.
Esan bezala, borroka horiek, espetxez espetxe izaten dira baina, egia da, orokorrean, espetxeetan egoerak okerrera egin duela. Batzuetan, senideen bisitekin dute erlazioa okertze horiek; Logroñon bezala, aurrez aurreko bisitetara ez dietela ezer sartzen uzten; ez janaririk, ez eta haurrentzako jostailurik edo gauzarik ere. Beste batzuetan, ostera, ondorio fisiko eta psikologikoak izaten dituzte espetxeen neurriek.Alaitz Aramendi eta Izaskun Lesaka presoen kasuan bezala. DPS (bereziki zaindutako presoa) moduan kalifikatu zituztela, eta lau hilabetez, gauero, bi orduro, kontrola egiten zietela: tapakietatik begiratzen diete, argiak pizten, soinuak ateratzen...
Ikasteko eskubidea ere ezbaian jartzen diete gure senideei. Espainiako espetxeetan preso dauden pertsonek ezin dute EHUn ikasi 2003tik. Hamar urte luze hauetan ukatu egiten diete EHUn ikaste-ko eskubidea euskal presoei, baita irakasteko eskubidea EHUri ere. Frantziako eta Portugaleko espetxeetan, EAEko gobernuak beka ukatu die ikasle presoei. Behin eta berriro baietz, eman emango dietena esan arren, errealitatean ezetza izaten ari da.
Iheslariek, martxoan bide orria gauzatzen hasteko erabakia hartua zutela adierazi zuten. Urratsak euskal herritarrek konponbiderako duten nahian eta beharrean oinarritzen dira. Herriarekin batera bidea egiteko. Askatasuna eta eskubideak irabazteko.
Ordutik aurrera hamarnaka iheslari izan dira sorterrietara itzuli direnak. Positiboki baloratzen duen urratsa izan da. Bai iheslarien aldetik baita eragile sozial eta politiko desberdinen aldetik ere. Erabakiak, urte luzeetako erbestealdien bukaera ekarri du iheslari batzuentzat. Dena den, urjentzizikoa da iheslariekin zenbait osasun neurri eta adminsitratiboak ere hartzea-. Adinean gora doaz eta egoera latz ugari daudelako bereziki. Pausu pozgarria izan da, beharrezkoa eta bake zein koponbidearekiko konpromisoa adierazten duena.
Hauxe 2014 urteko lehen sei hilabetearen argazkia. Hauxe gure errealitate gordina. Estatuek Giza Eskubideekiko duten errespetu ezaren argazkia.
Etxean nahi ditugu!
Etxerat elkartea